Lan gatazka

Grebari ekin diote Amazonen Trapagarango logistika zentroko langileek

Soldatak KPIaren arabera eguneratzea, asteburuko lana mugatzea eta banatzaileei subrogazio eskubidea aitortzea eskatzen dute. LABek nabarmendu du greba arrakastatsua izan dela.

Amazoneko langileak lau orduko lanuztea hasi dute goizaldean. LAB EZKERRALDEA
2022ko urriaren 17a
08:31
Entzun

LAB sindikatuaren arabera, Amazonek Trapagaranen (Bizkaia) duen logistika zentroko langileen %100 ari dira greba egiten. Gaur goizaldean ekin diote lau orduko protestari. Sindikatuen eskaera nagusiak hiru dira: soldatak KPIaren arabera eguneratzea, asteburuetako lana mugatzea eta banatzaileei subrogazio eskubidea aitortzea. Konpainiaren irabazi handiak ikusita, arazorik gabe onartzeko moduko eskakizunak iruditzen zaizkie.

Banderak eta bengalak eskuetan, zentroko atarian bildu dira langileak. Amazonek zukutzen gaitu, hitzarmen baten alde testua duen pankarta bat erakutsi dute.

LABen arabera, «arrakastatsua» izan da greba. Ohar bidez, sindikatuak esan du lantegiko langile guztiek babestu dutela greba, «arduradun gutxi batzuek izan ezik»: «Argi utzi dute zerbait falta ez bazaie hori duintasuna dela eta hitzarmen bat lortu arte borrokan jarraituko dutela»

Gehitu du onartezina dela enpresaren zuzendaritzak langileen ordezkariekin harremanetan jartzeko asmorik erakutsi ez izana. Haren iritziz, «erabateko arduragabekeria da negoziaziorako asmo falta hori». Abisua eman du: «Enpresak akordio batera heltzeko asmorik erakusten ez badu, ez da izango black friday, ciber monday edo gabon lasairik».

Lehen greba

109 langilek dihardute biltegian, eta banatzaile guztiak, 300 bat, autonomoak edo azpikontratatuak dira.

Biltegia 2019ko ekainean ireki zuten, eta gaurkoa da han eginiko lehen greba. 05:30etik 09:30era egingo dute. Langileek Bizkaiko garraioko lan hitzarmenaren eraginpean dihardute. Kontua da gidarientzat pentsaturiko itun bat dela, eta biltegiko langileek mailaketa baxuena dute. 19.400 euro gordin jasotzen dituzte urtean, 15.600 garbi inguru; edo, beste modu batera esanda, 1.040 euroko hamabost ordainketa.

Ituna indarrean egongo da 2024ra arte, eta hurrengo bi urteetarako %3,5eko eta %3ko soldata igoerak aurreikusten ditu, KPIaren igoeratik oso urrun. LABek beste akordio bat nahi du, erosahalmena bermatuko duena. Helburua zentro logistikoetara egokituriko hitzarmen propio bat da.

Eskarien beste adarra Trapagaranen aritzen diren banatzaileak dira. LABek haiei subrogazio eskubidea aitortzea nahi du; alegia, azpikontrata duen enpresa aldatuta ere, gidariek Amazoneko lanari eustea. Luzera begira, garraio ituna eskatzen dute haientzat ere. Gaur egun banatzaileena aplikatzen zaie, eta aldaketa jauzi handia litzateke soldatan: urtean 14.000 euro gordinetik 23.000ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.