Energia

Pobrezia energetikoari aurre egiteko gutxienez milioi bateko laguntza sortzeko eskatu du EH Bilduk

Iruñeko Udalean koalizioak proposatu du eraikinen birgaitzea sustatzea, gasa biomasarekin ordezkatzea eta komunitate energetikoak sortzea «beste eredu energetiko baterantz joateko»

Joseba Asiron, prentsaurrekoan, 2020an. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko urriaren 17a
12:35
Entzun

«Neguan jende askok arazoak izango ditu berotasuna lortzeko». Joseba Asiron Iruñeko EH Bilduko eledunaren arabera, beharrezko du udalak premiazko zein egiturazko neurriak sortzea pobrezia energetikoari aurre egiteko eta beste eredu baterantz joateko.

Horretarako, hurrengo lehendakaritza batzordean bederatzi neurriko proposamen sorta mahai gaineratuko du. Enrique Maiaren udal gobernuari dagokio gai hori udaleko osoko bilkuran proposatzea eta, ondoren, neurrion finantzaketa onartzea.

Navarra Sumak ez du gehiengorik, eta, ezezkoa emanez gero, EH Bilduk PSNri eta Geroa Bairi 2023ko aurrekontuetan diru sail horiek sortzea proposatuko lieke. Asironen arabera, bi taldeek badute jada proposamenaren berri.

Premiazko laguntza gisa, EH Bilduk planteatu du gutxienez milioi bat euroko funtsa sortzea beharrik handiena duten familientzat zein berogailu zentrala duten bizilagun komunitateentzat. Nahiz eta Espainiako Gobernuak bizilagun elkarteen arazoa konpontzea proposatu duen, «ikusteko dago gainerako etxebizitzekin parekatzen dituen».

Egiturazkoneurrien artean, koalizioak proposatu du gasaren alternatiba gisa biomasa zentralak eratzea. Egun, Txantrea auzoan 2023 amaieran abian egon daitekeen zentral bat egiten ari dira eta Nafarroako Gobernuarekin batera proiektuan parte hartzera dei egin du udala, 500.000 euroko ekarpena eginez. Gerora, «hiri osoan» halako proiektuak bultzatzeko beharra azpimarratu du.

Gainera, eraikinen birgaitzeko prozedura azkartzeko, tramitazioan aritzen den bulegoari baliabide gehiago ematea proposatu du, baita komunitate energetikoak sustatzea ere. Komunitate horiek eraikin publikoetan zein pribatuetan bultzatzea da asmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.