GERRA UKRAINAN

Gutxienez lau hildako Kieven, Errusiak droneekin egindako eraso baten ondoren

Kieven arabera, Iranen egindakoak dira «drone suizidak», baina Teheranek ukatu egin du. Ukrainako ehunka herri argindarrik gabe geratu dira Moskuren erasoen ondorioz.

Suhiltzaileak, gaur, Kieven, droneekin egindako erasoek birrindutako eraikin batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 17a
13:38
Entzun

Errusiako indarrek Kieveko erdialdeari eraso diote gaur droneak erabilita, eta gutxienez lau pertsona hil dituzte, Ukrainako funtzionarioek jakinarazi dutenez. Gainera, Ukrainako beste zenbait eremu ere bonbardatu ditu Errusiak, eta energia azpiegiturak hondatu; Ukrainako iturri ofizialean arabera, ehunka herri geratu dira argindarrik gabe. Iturri horiek berek adierazi dute hiriburuan erabilitako «drone suizidak» Iranen egindakoak direla. Teheranek, baina, gezurtatu egin du, eta nabarmendu ez diela armarik eman «gerran dauden alderdietako herrialdeei». Kremlinek ez du adierazpenik egin horri buruz, eta Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak adierazi du Irani zigor gehiago jartzea erabaki aurretik «froga zehatzak» eduki beharko lituzketela.

Vitali Klitxko Kieveko alkateak zehaztu du 28 drone zuzendu dituztela Ukrainako hiriburura, eta horietako bost lehertu direla. Horietako batek eztanda egin du zibilen eraikin bat jo ondoren, eta lau pertsona hil dira. Alkatearen esanetan, hondakinen artetik hogei pertsona atera ahal izan dituzte erreskate taldeek. Erasoen ondoren, Errusiako Defentsa Ministerioak azpimarratu du «instalazio militarrak eta energia azpiegiturak» hondatu asmo zituen «erasoaldi masiboak» helburuak «jo» dituela. Ukrainaren arabera, Errusiak 43 drone erabili ditu gaur, baina Kievek horietatik 37 erorarazi ditu.

Urriaren 8an Krimeako zubiari egindako sabotajearen ondoren, energia azpiegiturei eraso egiten hasi da Errusia. Kievek horri buruz ohartarazi zuen joan den astean, eta Denis Xmihal Ukrainako lehen ministroak esan du gaur Sumi —iparraldean— eta Dnipropetrovsk —erdian— eskualdeak energiaz hornitzeko «ezinbestekoak» diren azpiegiturak bonbardatu dituztela. Sumiko gobernadore Dmitro Zhivitskik adierazi du bonbardaketetan hiru zibil hil dituztela.

Ikusi gehiago: Krimeako sabotajeari aspaldiko eraso zabalenarekin erantzun dio Moskuk

Reuters berri agentziak kaleratutakoaren arabera, joan den larunbatean Errusiako Belgorod probintzian gertatutakoari erantzuten diote Kieveko erasoek. Gidaririk gabeko hegazkin batean hau zegoen idatzita: «Hau, Belgorodekoagatik». Bi erasotzailek Errusiako armadaren 11 kide hil zituzten tiroz soldaduak entrenatzeko gune batean. RIA Novosti Errusiako berri agentziak argitaratu zuen erasotzaileak —momentuan hil zituzten— Sobietar Batasun ohiko errepublika batekoak zirela, baina ez zuen datu gehiago eman.

Israelen armak

Droneekin egindako erasoaren ondoren, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podolyak eskatu dio G20koen taldeari Errusia taldetik kanporatu dezatela. Hain zuzen, munduko herrialde industrializatuenek osatutako taldea goi bilera bat egitekoa da Indonesian, azaroaren 15ean eta 16an, eta Kremlinek esan izan du ez duela baztertzen batzarraren bueltan Joe Biden AEBetako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiakoak aurrez aurre hitz egitea.

Ikusi gehiago: Kremlinek adierazi du Putinek ez diola atea ixten Bidenekin biltzeari

Bestalde, Dmitri Medvedev Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkariordeak adierazi du Israelek Ukrainari armak ematen baldin badizkio Moskuren eta Tel Aviven harremanak «birrinduko» direla.

Misio bat, Ukrainako militarrak entrenatzeko

Ukrainako militarrak entrenatzeko misio bat onartu dute gaur EB Europako Batasuneko herrialdeetako Atzerri ministroek. Ontzat eman dute, gainera, 500 milioi euroko diru sail bat, horren bidez finantzatzeko Ukrainari emandako armak. Horrenbestez, joan den otsailean Errusiak inbasioa hasi zuenetik Kievi 3.100 milioi euro ematea onartu du EBk, horretarako propio sortutako funts baten bidez.

Talde komunitarioko herrialdeetako Atzerri ministroak Luxenburgon bildu dira, eta ondoren jakinarazi dute misioaren bidez banakako formazioa eta kolektiboa jasoko dutela Ukrainako armadako 15.000 bat soldaduk. Josep Borrell EBren diplomaziaburuaren esanetan, Ukrainak eskatuta jarri dute martxan, baina erakusten du klub komunitarioak Ukraina babesten duela. Bi urte iraungo du misioak. eta 106 milioi euroko aurrekontua edukiko du.

Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak ere bileran parte hartu du telematikoki, eta aireko defentsa sistema eta munizio gehiago eskatu dizkio EBri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.