TXINA-TAIWAN

Taiwan herrialde «demokratikoa eta subiranoa» dela berretsi dio presidenteak Txinakoari

Xik Taiwango afera izan du hizpide, besteak beste, Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresuaren lehen egunean: «Taiwan Txinaren parte da». Taipeik adierazi duenez, berriz, «taiwandarrek argi errefusatzen dute Txinarekin bateratuz gero Pekinek aplikatuko lukeen 'herrialde bat, bi sistema' gobernantza eredua».

Taiwango presidente Tsai Ing-wen, joan den astean, uhartearen egun nazionaleko hitzaldian, Taipeien. DANIEL CENG SHOU YI / EF
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 17a
14:02
Entzun

Taiwan adi-adi erreparatzen ari zaio Pekinen astebete iraungo duen Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresuari. Xi Jinping Txinako presidentearen agintaldia beste bost urtez luzatzea espero den honetan, Xik Taiwango afera izan du hizpide irekierako hitzaldian, besteak beste. «Taiwan Txinaren parte da», aldarrikatu du agintariak, Tiananmengo Herriaren Jauregian bildu diren alderdiko 2.500 ordezkari baino gehiagoren aurrean. Halaber, ohartarazi duenez, Pekinek «ez dio inoiz uko egingo indarra erabiltzeari», Taiwanekin «bateratzeko». Bada, hori esan eta ordu gutxira iritsi zaio erantzuna Xiri uhartetik. Taiwango presidente Tsai Ing-wenek berretsi du Taiwan herrialde «demokratikoa eta subiranoa» dela. Hala jaso du CNA agentziak.

Taipeik adierazi duenez, taiwandarrek «argi eta garbi errefusatzen dute Txinarekin bateratuz gero Pekinek aplikatuko lukeen Herrialde bat, bi sistema gobernantza eredua», zeina indarrean dagoen Macao eta Hong Kong eskualdeetan. «Taiwandarren arteko adostasuna da ezin dela lagapenik egin lurralde subiranotasunean, independentzian eta demokrazian». Hori bai, oroitarazi du gatazka militarra piztea ez dela «aukera bat» bi aldeentzat.

Tsaik joan den astean uhartearen egun nazionaleko hitzaldian azaldu zuen gisan, Taipei «prest dago Pekinekin lan egiteko eta bi bandoen artean adostutako irtenbide bat aurkitzeko, Taiwango itsasarteko bakea eta segurtasuna babestuko dituena».

Xik, berriz, «Taiwango independentzia lortzeko bidea egiten ari diren jarduera separatistak» eta «kanpoko probokazio zakarrak» ere izan ditu hizketa gai Txinako Alderdi Komunistaren XX. Kongresuaren lehen egunean. «Bateratze baketsua nahi dugu, baina ez dugu inoiz hitzemango indarra aukera gisa erabiltzeari uko egingo diogunik».

Abuztu hasieran, Nancy Pelosi Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidenteak Taiwanera egindako bisitak biziki haserrearazi zuen Txinako Gobernua. Hain zuzen, Pekinek uhartearen aurkako zigor ekonomikoekin eta maniobra militarrekin —Taiwango uretatik gertu— erantzun zion.

Txinako presidenteak Hong Kongeko egoerari eta azken urteetako «garapen korapilatsuei» buruz ere hitz egin du; izan ere, demokraziaren aldeko mugimendua eskualde administratiboaren eskubidearen alde aritu da, Pekinek ezarritako Segurtasun Nazionalaren Legearen aurka. Xiren arabera, Hong Kong «kaosetik gobernantzara» igaro da.

«Garaipenak batasuna behar du»

Txalo artean, Xik azpimarratu du «Txinaren nazioarteko eragina, erakargarritasuna eta mundua moldatzeko gaitasuna nabarmen handitu» direla. «Batasunak indarra egiten du, eta garaipenak batasuna behar du». Horrez gain, haren esanetan, Txinak, potentzia gisa, «inoiz ez ditu hegemonia eta espantsionismoa izango helburu», eta «Gerra Hotzaren pentsamoldearen» aurkako jarrera berretsi du. Aitzitik, Txinako presidenteak ez du inolako aipamenik egin Ameriketako Estatu Batuekin dituen tentsioen inguruan, ezta Ukrainako gerraren inguruan ere.

Bestalde, Taiwango oposizioko alderdi nagusiak, Kuomintangek, Txinako Alderdi Komunista zoriondu du, XX. Kongresuagatik, eta bi alderdiek «elkarrizketa, lankidetza eta puntu komunak» bilatuko dituzten itxaropena azaldu du, «Taiwango independentziaren aurkako oposizioa» oinarri hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.