Memoria historikoa

1938an fusilatutako galdakoztar baten gorpuzkiak hobitik atera dituzte Jakan

Aranzadi zientzia elkarteak topatu ditu gorpuzkiak. Pedro Asua Zubiaurrenak dira; 21 urte zituen fusilatu zutenean. Frankistek Bilbo hartu zutenean atxilotu zuten.

Josu Larrea eta Lourdes Herrasti, Jakan (Aragoi), Asua lurperatuta zegoen hobi komunean. GALDAKAOKO UDALA
Paulo Ostolaza.
2022ko urriaren 17a
15:09
Entzun

Pedro Asua Zubiaur (Galdakao, Bizkaia, 1916) 21 urte zituela hil zuten tropa frankistek, Jakan (Espainia), 1938ko otsailaren 7an. 1936ko Gerra hasi zenean, borondatezko soldadu bilakatu zen Asua, Ezker Errepublikanoan, eta 1937ko ekainean atxilotu zuten, tropa frankistek Bilbo hartu zutenean. Jakara eraman zuten bortxazko lanak egitera, eta hilabete gutxi geroago exekutatu zuten, auzitegi militar batek epaitu eta gero. Beste asko bezala, hobi komun baten lurperatu zuten, izenik gabe.

2005. urtera arte, haren sendiak bazekien hil egin zutela Asua, baina ez askoz gehiago. Orduan jakin zuen Josu Larreak, Asuaren iloba txikiak, senidea boluntario izan zela gerran, eta Jakan fusilatu zutela. Paco Etxebarria auzi medikuarekin harremanetan jarri, eta ikertzeari ekin zion.

Gaur baieztatu du halaxe izan zela: Aranzadi zientzia elkartearen eta Galdakaoko Udalaren laguntzari esker, Asuaren gorpuzkiak desobiratu dituzte. DNA proba egitea falta da gorpuzkiak harenak direla erabat baieztatzeko, baina, Aranzadiko adituen arabera, «zantzu argiak» daude esateko Asuarenak direla aurkitutako gorpuzkiak.

DNA proba bizirik dagoen Asuaren gertueneko senidearen laginarekin egingo dute, Begoña Larrearenarekin. Asuaren iloba da hura. Froga horrek ez badu senidetasuna baztertzen, Galdakaora eraman ahal izango dituzte gorpuzkiak. Josu Larrearen arabera, «zirkulu bat itxiko litzateke horrela»: Asuaren familiarenak ziren orain Elexaldeko hilerria dagoen lurrak.

Urteetako lana

Aranzadiko ikertzaileak, Galdakaoko Udaleko ordezkariak eta Asuaren senideak joan den ostegunetik dabiltza Jakan. Hilerriko erregistroko datuei esker jakin dute Asuaren gorpuzkiak zehazki non zeuden.

Desobiratze lanak Aranzadiko lantalde batek egin ditu, Lourdes Errastiren zuzendaritzapean. Haiekin lanean ibili dira Iñigo Hernando alkatea eta Ander Aperribai historialaria, baita Asuaren senideak ere. Juan Manuel Ramon Jakako alkatea ere joan da aurkikuntza ikustera, eta Gogora institutuak ere bidali du ordezkaritza.

Gorpuzkiak topatzea eta desobiratzea denbora luzez egindako lanaren emaitza izan da, Galdakaoko Udalak ohar batean azaldu duenez. Udala 2019. urtean hasi zen Larreari eta haren familiari laguntzen. Ordutik hainbat ekintza egin ditu: Ander Aperribai historialaria kontratatu, Aranzadirekin elkarlanean jardun, Jakako udalarekin elkarlana adostu (2021eko abenduan), Aragoiko Gobernuak eman beharreko baimenak bideratu, eta desobiratzearen gastuak bere gain hartu.

Udalak esan du «emankorra» izan dela egindako lana, eta «zirkulua itxi dela». Abiapuntu bat ere bada, haren ustez; izan ere, Jakan desobiratze bat egiten den lehen aldia da, eta bidea ireki diezaieke hilerriko hobi komunetan lurperatuta dauden gainontzeko fusilatuen senideei. Laurehun pertsonatik gora daude Jakan hobi komunetan lurperatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.