Euskara

Ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko jardunaldiak egingo dituzte Kontseiluak eta Jaurlaritzak, bigarrenez

Ikastetxeetako hezkuntza proiektuez, hizkuntzaren transmisioaz eta helduen euskalduntzeaz hitz egingo dute, besteak beste. Azaroaren 10ean eta 11n egingo dituzte, Gasteizen.

Ezagutzaren unibertsalizazioari buruzko lehen jardunaldien aurkezpena, duela bi urte. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
2022ko urriaren 18a
10:09
Entzun

Badago aukera euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan «jauzia» egiteko, Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren arabera. Horretarako «bideak, aukerak, tresnak eta estrategiak» hizpide izango dituzte azaroaren 10ean eta 11n, Gasteizen. Gai horri buruzko jardunaldiak antolatu dituzte elkarlanean, Jauzirako prest lelopean.

Bigarrenez egingo dituzte jardunaldiok, eta duela bi urte egindakoen arrastoa sumatuko da oraingoetan ere. Izan ere, orduan gai zentralak izandako hiru hizpide izango dituzte: hezkuntza, hizkuntzaren transmisioa eta sozializazioa eta helduen euskalduntzea.

Hezkuntzari dagokionez, hizkuntza proiektuen gainean jardungo dute, «hezkuntza sisteman berebiziko garrantzia» hartuko dutelakoan. Batetik, «hizkuntza proiektu egokien inguruko markoa» azalduko du Karmele Perez Huheziko irakasleak, eta, bestetik, kide diren ikastetxeetako hizkuntza proiektuak azalduko dituzte Donostiako Aitor ikastolako Julen Etxeberriak, Dimako Ugarana eskolako Zefe Ziarrustak eta Iruñeko Iparralde DBHIko kide Fertxu Izquierdok. Horrez gain, «testuinguru berezietan euskararen presentzia eta erabilera bermatzeko» zein estrategia garatu dituzten azalduko dute Gasteizko Mariturri eskolako, Irungo Belaskoenea eskolako eta Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako zuzendariek.

Aisialdiak haur eta gazteen hizkuntza gaitasunetan duen eraginean ere jarriko dute fokua, duela bi urte egin bezalaxe. Aisialdi antolatuek hizkuntzaren gaitasunari eta jarrerei nola eragiten dieten azalduko du Maite Asensio Hezten taldeko kideak. Bestalde, ingurune erdaldunetan sortutako «euskarazko arnasguneen» bi esperientzia ere jasoko dituzte: Uda Leku Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko haurrak elkartzen dituen udalekua eta Ebete elkarteak sortutako Ele-meleka proiektua, bigarren hezkuntzako ikasleen hizkuntza sozializazioan laguntzera bideratutakoa.

Proposamena, ikasteko beharra sustatzeko

Helduen euskalduntzeaz ere ariko dira jardunaldietan. Duela bi urtekoetan atera zen ondorioetako bat izan zen, hain justu, «euskara ikasteko beharra sustatzearen inguruko lanketa egitea», antolatzaileek oroitarazi dutenez, eta Kontseiluaren baitan antolatutako euskaltegiek garatu dute horri erantzungo dion lanketa. Haren berri emango dute. Ondoren, HABEko teknikari Eskarne Lopetegik INGURA proiektua aurkeztuko du.

Atzerriko bi adituren ekarpenak ere jasoko dituzte. Batetik, Flandriako Ann De Moor irakaslearen hitzartzea izango da. «Flandrian hezkuntza sistemak nederlanderaren berreskurapenari egindako ekarpenaz eta Bruselako hezkuntza antolamenduaz» ariko da, antolatzailek aurreratu dutenez. Bestetik, Avel·lí Flors Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak hitz egingo du, «gazteen artean katalanaren erabilera areagotzeko dituzten erronka berriez».

Kontseiluaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lankidetzarako esparruaren barruan kokatu dituzte bi erakundeek jardunaldiok. «Ezagutzaren unibertsalizazioaren inguruko hausnarketa sustatzeaz gain, horra iristeko bideak elkarrekin arakatzea, bai eta orain arte garatutako dinamika eta estrategiak partekatzea ere» beharrezkotzat jo dituzte.

Dagoeneko eman daiteke izena jardunaldietan, Euskalgintzaren Kontseiluaren webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.