Nazioartea

Australiak ez du Jerusalem Israelgo hiriburu gisa aitortuko aurrerantzean

Alderdi kontserbadoreak 2018an hartutako erabakia bertan behera utzi du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak. Gaur elkartuko dira Israelgo Atzerri Ministroa eta Australiaren Israelgo enbaxadorea.

Jerusalengo Al-Aqsa meskita. ATEF SAFADI / EFE
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 18a
12:05
Entzun

«Palestinak eta Israelek aurkitu behar diote konponbidea Jerusalemen estatusaren auziari, bake negoziazioen bidez». Horixe adierazi du prentsaurrekoan Penny Wong Australiako Atzerri Ministroak, Anthony Albanese lehen ministroak iragarri ostean aurrerantzean ez dutela Jerusalem mendebaldea Israelgo hiriburu gisa aitortuko.

Donald Trump AEBetako presidente ohia izan zen Jerusalem Israelgo hiriburu aitortzen lehena, eta haren bideari jarraitu zioten Guatemalak, Hondurasek, Kosovok eta Australiak. Alderdi kontserbadoreko buru Scott Morrison lehen ministro ohiak 2018an egin zuen bat Trumpen erabakiarekin. Australiak izan ezik, beste lau herrialdeek beren enbaxadak lekualdatu zituzten Tel Avivetik Jerusalemera.

Iragan maiatzeko hauteskundeetan amaitu zen kontserbadoreen zortzi urteko agintaldia, eta laboristek hartu zuten erreleboa. Orain, Albaneseren erabakiak bertan behera utzi du eskuindarrek nazioartean hartutako norabidea.

Israeldik segidan iritsi dira erreakzioak. Atzerri ministroak adierazi du Australiako Gobernuaren erabakiak «sakon mindu» duela, eta Paul Griffiths Australiaren Israelgo enbaxadorea berarekin elkartzera deitu du. Israelgo lehen ministro Yair Lapidek uste du erabakia «presazkoa» dela: «Jerusalem Israelgo hiriburua izan da betidanik eta betiko, eta ezerk ez du hori aldatuko», nabarmendu du.

Bestalde, palestinarrek begi onez ikusi dute laboristen erabakia. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Atzerri Ministerioaren ustez, Australiak hartutako erabakia «zuzena» da, eta «bat egiten du nazioarteko zuzenbidearekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.