Merkataritza

Superabit komertziala apaltzen ari da, inportazioengatik

Gas inportazioek %327ko hazkundea izan dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; %99 AEBetatik ekarri da Bilboko portura.

Gas likidotua garraiatzen duen ontzi bat, Bilboko portuan. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 18a
12:17
Entzun

Hego Euskal Herriko kanpo merkataritzak markak hausten jarraitzen du 2022. urtean, baina berezitasun batekin. Esportazioen emaitzak oso onak dira, baina gehiago igotzen ari dira inportazioak, eta, horren ondorioz, superabit komertziala apaltzen ari da.

Abuztuan, %27 handitu da Hego Euskal Herriko enpresek atzerrira bidalitako produktuen balioa, baina kanpotik ekarritakoena gehiago handitu da, %40. Lau lurraldeak kontuan hartuta, 176,4 milioikoa izan da superabit komertziala, iazko abuztuan baino 166,8 milioi txikiagoa (-%48,6).

Espainiako Merkataritza Ministerioaren datuen arabera, ikus daiteke Bizkaiak jan duela galdutako superabit osoa. Abuztu honetan lurralde horrek soilik izan du saldo negatiboa, -529,7 milioi eurokoa. Iazko abuztuan ere zenbaki gorriak izan zituen, -289,2 milioi.

Neurri handi batean, produktu energetikoen erosketak asko handitu direlako gertatu da hori, eta Bizkaitik sartzen direlako produktu horiek denak, Bilboko portutik. Gasa, BBG Bahia de Bizkaia Gas instalazioetara. Eustaten datuen arabera, gas inportazioek %327ko hazkundea izan dute abuztuan. Uztailean ere asko handitu ziren, udan gas erreserbak betetzeko ahalegin handia egin delako.

Baina hidrokarburoak kanpotik erosi ez ezik, kanpoan saldu ere egiten ditu Bizkaiak: Petronorrek, petroliotik eratorritako produktuak, eta BBGk, berriz, gasa bera. Produktu horien esportazioan hazkundea handia izan arren (%72,8), kantitate totaletan inportatutakoaren herena baino ez da esportatu berriro.

Gainerako sektore nagusietan —autogintzan eta ekipo ondasunetan— , ohi bezala, saldo positiboa izan da, eta hori agerian geratu da beste hiru lurraldeen balantzeetan, haien kasuan produktu energetikoen faktoreak pisurik ez duelako, edo oso pisu txikia. Arabak 146,6 milioiko saldo positiboa izan du abuztuan: Gipuzkoak, 315,5ekoa; eta Nafarroak, 244koa.

Urteko bilakaerari dagokionez, joera bera da. 2021ean baino gehiago esportatzen eta inportatzen ari da, baina superabita txikitzen ari da. Guztira 4.264,2 milioi izan da urtarriletik abuztura, iazko epe berean baino %26,6 gutxiago. Esportazioak %25 handitu dira, baina inportazioak, %45,6.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.