GERRA UKRAINAN

Putinek are gehiago estutu du gatazka, gerra legea ezarriz anexionatutako lurretan

Ukrainan borrokatzen ari diren Errusiako indarren buruzagi militarraren arabera, egoera militarra «tentsio handikoa» da Khersonen. Europako Parlamentuak Ukrainako herriari eman dio Sakharov saria.

Putin, gaur, Errusiako Segurtasun Kontseiluaren bileran. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 19a
13:36
Entzun

Errusiako armadaren buruzagi izendatu zuten Sergei Surovikin duela bi aste, eta gaur, telebistan egin dioten elkarrizketa batean, argi mintzatu da. Jeneralak nabarmendu du egoera militarra «tentsio handikoa» dela Kherson eskualdean, Errusiak irail amaieran Ukrainan anexionatutako lau probintzietako batean. Ordu batzuk geroago iritsi da, gaur, Vladimir Putin Errusiako presidentearen iragarpena: lau eskualde horietan gerra legea ezarriko duela. Dekretua bihar da indarrean sartzekoa, eta, horren arabera, lau lurralde horietan Moskuk ezarritako administrazio militarrek eskumena edukiko dute «larrialdi neurriak» hartzeko.

Putinek Errusiako Segurtasun Kontseiluaren bilera hastean esan duenez, Ukrainaren «tiroei» aurre egiteko eta «Errusiaren segurtasuna bermatzeko eta herria babesteko» hartu dute neurria. Ukrainarekin muga egiten duten Errusiako sei eskualdeetan eta Krimean ere —2014an anexionatu zuen— ezarri dute gerra legea. Bihar dira neurri zehatzen berri ematekoak, baina Kremlinek bere webgunean legea jaso du, eta zehazten du agintariek aukera edukiko dutela herritarren mugimenduak murrizteko, etxeratze aginduak ezartzeko, eta, besteak beste, ondasunak konfiskatzeko. Ohartarazi dute, bide batez, Errusiako edozein probintziatan ezarri ahal izango dutela legea.

Eta, paraleloki, Moskuk Khersonen ezarritako administrazio militarrak gaur jakinarazi du datozen sei egunetan 50.000-60.000 pertsona ebakuatu asmo dituztela handik, eta hasi direla zeregin horretan. Vladimir Soldo Kremlinek jarritako gobernadoreak adierazi du azken bi egunetan 5.000 bat herritarrek alde egin dutela eskualdetik, eta iragarri du, gainera, datozen zazpi egunetan han sartzea debekatuko dietela zibilei. Leku estrategikoa da Ukraina hegoaldeko Kherson eskualdea, eta, horregatik, inbasioa hasi eta gutxira okupatu zuen Errusiak hango hiriburua, izen berekoa. Ukrainak probintzia hori ere berreskuratzeko kontraerasoa hasi zuen irail hasieran, eta bi aldeen arteko borrokak laztu egin dira han.

«Etsaia etengabe ari da Errusiako tropen posizioei eraso egiteko ahaleginean», nabarmendu du Surovikin jeneralak. Kieven ustez, baina, «propaganda ikuskizun bat» antolatu du Errusiak. Ukrainako presidentetza bulegoaren buru Andri Yermakek Telegramen idatzi du Errusiak herritarrak «beldurtu» nahi dituela «albiste faltsuekin» iragarriz Ukrainako indarrak Kherson hiria bonbardatzekotan direla. TASS Errusiako berri agentziak jaso duenez, Errusiaren kontrolpeko larrialdi zerbitzuek gaur salatu dute Ukraina hiria bonbardatzen ahalegindu dela goizean, baina aireko defentsa sistemek bost misil erorarazi zituztela.

Errusiak partzialki okupatuta dauka eskualdea, eta joan den astean bertan handik alde egiteko eskatu zien Soldok herritarrei. TASS-ek lehengo ostegunean kaleratu zuenez, hurrengo egunean ziren lehen ebakuatuak Errusiako Rostov eskualdera iristekoak.

Kherson arrazoi jakin batzuengatik da estrategikoa. Batetik, Errusiak 2014an anexionatutako Krimeako penintsulara Ukrainatik bidez iristeko handik pasatu behar delako. Bestetik, Errusiaren asmoa bada Ukraina ekialdea eta hegoaldea hartzea Donbass eta Trasnistria artean lurreko korridore bat egiteko —Itsaso Beltzerako sarrerarik gabe utziko luke Ukraina—, hura kontrolpean edukitzea ezinbestekoa delako. Eta, azkenik, Kherson hiritik igarotzen delako Dnipro ibaia —Ukraina bitan zatitzen du— Itsaso Beltzean itsasoratu aurretik.

Hain zuzen, Errusiak eremuan duen administrazio militarrak adierazi du zerbitzuak lekualdatuko dituela Dnipro ibaiaren eskuineko aldetik ezkerrekora; ekialdera, alegia.

Irango trebatzaileak

Irango Gobernuak trebatzaile militarrak bidali ditu Krimeara, haiek Errusiako indarrak trebatu ditzaten Iranek ekoitzitako droneen erabileran. Hori kaleratu du The New York Times egunkariak, AEBetako inteligentzia zerbitzuak aipatuz. Kontuan hartu behar da Ukraina Errusiarik egozten diola Irango «drone suizidak» erabili izana azken egunetan herrialdean egindako zenbait erasotan. Teheranek, ordea, ukatu egin du hori. EB Europako Batasunak esan zuen orduan horren frogak edukiz gero Irani zigor gehiago ezarriko zizkiola, eta Nabila Massrali EBo Atzerri Gaietarako bozeramaileak jakinarazi du gaur «nahikoa froga» dituztela.

Irakurri gehiago: Iranek ukatu egin du Errusiak bere droneak erabili dituela Ukrainan

Bestalde, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak jakinarazi du, gaur, akordio bat egin dutela Kremlinekin Errusiako gasa esportatzeko. «Gune bat egingo dugu hemen Errusiatik iritsitako gasarekin», nabarmendu du Erdoganek, AKP Justizia eta Garapena Alderdiaren talde parlamentarioaren aurrean. Erdogan eta Vladimir Errusiako presidentea pasa den astean batzartu ziren auziaz hitz egiteko. Turkiako presidenteak iradoki du Europak Errusiako gasa erosi ahal izango duela Turkiaren bidez: «Europa bilatzen ari da gasa nondik atera. Zorionez,Turkiak ez du arazo hori».

Irakurri gehiago: Bake elkarrizketez aritu ordez, gasaz aritu dira Putin eta Erdogan

Bestalde, Finlandiako mugazainek hauspotu dute metalezko hesi bat eraikitzea Errusiako mugan, eta proposamen hori gobernuari helarazi diote. Bada gobernuak jakinarazi du, gaur, talde parlamentario guztiak bat datozela mugazainen planteamenduarekin.

Erabakia hartu dute, hain zuzen, azken hilabeteetan Helsinkiren eta Moskuren arteko tentsioa areagotu delako Ukrainako inbasioarengatik, eta arrazoi horregatik hasi duelako Finlandiak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko prozedura.

«Kontua da muga ondo zainduta eta bertan gerta litekeenari aurre hartzea», adierazi die hedabideei Sanna Marin lehen ministroak. Detaileen berri eman ez duten arren, aurreikusten dute hesiak 130 kilometro eta 260 kilometro bitarteko luzera edukitzea. 1.340 kilometro ditu Finlandia eta Errusia arteko mugak: EB Europako Batasuneko herrialdeen artean Errusiarekin muga luzeena duena da. Turista errusiarrei sarrera debekatzea erabaki zuen Finlandiak irail amaieran.

Irakurri gehiago: Turista errusiarrei sarrera debekatzea erabaki du Finlandiak

Europako Parlamentuak, berriz, arratsaldean jakinarazi du Ukrainako herriari emango diola Kontzientzia Askatasunaren aldeko Sakharov saria —ekitaldia abenduan egingo dute—. Horren bitartez, besteak beste, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen, herrialde horretako larrialdi zerbitzuen eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen «erresistentzia eta adorea» aitortu dute, Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak azaldu duenez. «Herrialdea heroikoki defendatu dute», esan du Metsolak.

Beste bi hautagaiak Julian Assange ekintzailea eta Kolonbiako Egiaren Batzordea ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.