Finantza publikoak

Nafarroako Gobernuak 5.238 milioi euroko aurrekontua proposatu du

Elma Saizek nabarmendu du EH Bildurekin duen negoziazioan «aurrerapauso nabarmenak» eman direla. EH Bilduko Laura Aznalen arabera, koalizioaren proposamenak jaso ditu aurreproiektuak, eta haien helburua da zerga neurriekin batera «akordio oso bat» lortzea.

Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2022ko urriaren 19a
15:11
Entzun

«Legealdi honetan laugarren urtez aurrekontuak izateko bidean gaude; haien atarian gaude». Elma Saiz pozarren azaldu da prentsa aretora, Nafarroako Gobernuko 2023ko aurrekontu legearen aurreproiektua onartu berritan. Duela hiru aste EH Bildurekin hasitako negoziazioetan «aurrerapauso nabarmenak» eman direla nabarmendu du Saizek.

Onartutako aurreproiektua «inoizko handiena» izango da. Gobernuak 5.238 milioi euro izango ditu datorren urtean gastu eta inbertsio publikorako —finantza gastuak gehituta, 5.749 milioi eurokoa izango da—, irailean aurreikusitakoa baino 23 milioi euro gehiago. Saizen arabera, langile publikoei orotara %6 igoko zaie soldata, eta haien zerga atxikipenen ondorioz igo du diru sarreren aurreikuspena. Hala, BPGaren %0,6ko defizit helburua kenduta, 4.967 milioi euroko diru sarrerak izatea espero du.

Dena den, urtero aurrekontuekin batera joan ohi diren zerga neurrien inguruko legearen aurreproiektua oraindik ez du aurkeztu gobernuak. Zerga erreforma horri egin nahi zaizkion aldaketen berri ez dute eman, baina esan izan da testuinguru ekonomiko zail batean balitekeela kenkari batzuk ezartzea adibidez errenta zergan, eta susmoa dago jaitsiera horrek bilketa apaldu eta ogasunarentzat kostu bat izango ote duen.

Horregatik, Elma Saizi behin eta berriz galdetu zaio ea zergetan egin nahi dituen aldaketok aurrekontuen diru sarreren kalkulu barruan sartu diren edo gerora birkalkulatu beharko diren, baina Saizek ez du zehaztu. Fiskalitatean aldaketa orok aurrekontuen kudeaketa doitzera behartzen duela esan du, besterik ez: «Zerga neurriak bere eragina du onartzen den bakoitzean. Adibidez, Madrilek argindarraren BEZaren abendura arteko jaitsiera datorren urtera luzatzen badu, hori ez dugu jasoa aurrekontuetan. Jakinak diren batzuk sartu ditugu, eta beste batzuk ez». Dena den, ez du zehaztu Nafarroan onar daitezkeen zergen artean zeintzuk sartu dituzten kalkuluan eta zeintzuk ez.

Auzi garrantzitsua izan daiteke, EH Bildurekin irailaren 28an hasitako negoziazioetan garrantzitsua baita arlo fiskala. EH Bilduko Laura Aznalek «anbizio handiagoa» eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Koalizioaren arabera, elkarrizketetan gobernuak aurkeztutako hainbat neurri ontzat jo dituzte, baina adostasunetik «urrun» daude oraindik. Aznalek nabarmendu du koalizio abertzalearen helburua dela «akordio oso bat» erdiestea aurrekontuen eta zerga neurrien artean. «Horretarako, espero dugu gobernuaren posizioa aldatzea, eta lan asko dugu egiteko oraindik».

Diferentziak non egon daitezkeen galdetuta, Aznalek ez du zehaztu, baina iradoki du gobernuaren asmoen zentzua: «Gutxiago biltzea eragingo duten neurriak proposatzea ez da nahikoa guretzat. Gehien dutenek gehiago eman behar dute». Sozietate zergaren inguruko kontuetan diferentziak dituztela ere adierazi du.

Dena den, Laura Aznal pozik azaldu da negoziazioen «lehen helburua bete delako», eta aurreproiektuetan EH Bilduren proposamenak jaso direlako. Aznalen ustez, proposamenekin lortu da hasierako testua hobetzea. Proposatutako ardatzen artean daude Osasunbidean lehen arreta indartzea eta itxarote zerrendak murrizteko neurriak hartzea; adinekoen eta menpekoen zaintza politikak indartzea; landa eremuan etxebizitza soziala sustatzea; eta larrialdiko laguntzak eta trantsizio energetikoaren legea «anbizioz» garatzea.

Inbertsio soziala: 2.800 milioi

Gobernuaren aurreproiektuaren %53 inguru Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialen departamenduek jasoko dute. Zehazki, 2.800 milioi euro inbertituko dira alor horietan.

Elma Saizek nabarmendu du Europako funtsen bultzada ere islatuko dela departamendu guztien aurrekontuetan: Zehazki Susperraldirako eta Erresilientziako Mekanismotik 185,5 milioi euro jasoko dira, eta pandemiaren ondorioei aurre egiteko React funtsetik 63,5 milioi; orotara, 249 milioi.

Bere gain hartu gabeko eskumenengatik, Nafarroak 635 milioi euro pagatuko dizkio Madrili datorren urtean, Dena den, behin-behineko zifra da hori; izan ere, bi gobernuek ixteko dute oraindik 2020-2024 eperako ekarpenaren eta diruaren joan-etorrien akordioa, Nafarroaren eta estatuaren artekoa.

Epe hori amaitzeko beste bi urte falta badira ere, ez dago informaziorik, eta Saizek baieztatu du «elkarrizketak bide onetik» doazela eta oso konplexuak direla. Gaineratu duenez, pandemiaren, Ukrainako gerraren eta hari lotutako inflazioaren ondorioz legealdi zaila izaten ari da, eta, 2023 bosteurtekoaren barruko laugarren urtea bada ere, EAEn iraganean kupoaren akordiorik gabe «hamar urte» ere egon zirela gogoan hartu du.

Aurreproiektuak oraindik bidea egin behar du parlamentura heldu aurretik. Haren edukia gizarteko eragileei helarazi behar zaie: zehazki, sindikatu eta gizarte eragileei, Gizarte eta Ekonomia Kontseiluan. Hori eginda, gobernuaren asmoa da lege proiektu gisa onartu eta haren edukia parlamentura igortzea, hortik aurrera bere bidea egin dezan. Eguberrietarako testua onartua egotea nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.