Kurdistan

«Kurdistango prozesuan bada euskaldunontzat ere inspirazio iturririk»

‘Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean’ liburua ondu du Urtzi Urrutikoetxeak. Kurdistango herriaren historian eta istorioetan murgiltzeko «abiapuntutzat» jo du kazetariak.

Julen Otaegi Leonet.
2022ko urriaren 19a
15:46
Entzun

«Horixe [Kurdistani buruzko] dena ez dagoela jasota, baina uste dut jakin beharreko dena badela». Hartaz interesa duenarentzat, ezer gutxi entzun duenarentzat, edo tutik ere ez dakienarentzat idatzi du Urtzi Urrutikoetxeak (Bilbo, 1977) Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean liburua. Aleka bilduma pean da —Elkar, Jakin eta BERRIAk argitaratzen dute elkarlanean—, eta BERRIA dendan dago salgai.

Kurdistan herri «berezia eta korapilatsua da»; bertan egin dute bat Ekialde Hurbileko historiak, presio etnikoek, erlijiosoek, munduko potentziek... Hala azaldu zion BERRIAri eskainitako elkarrizketan. Lau estaturen mugek banatzen dute Kurdistan —Irak, Iran, Turkia eta Siria—, baina nazio izaerak batzen ditu kurduak.

Herriak badu iragana, eta, Urrutikoetxearen hitzetan, «sekulako garrantzia» ere izango du etorkizunean: «Leku estrategikoa da Kurdistan, eta hori da haien madarikazioa». Garrantzi horren kausak eta efektuak bildu ditu argitaratu berri duen liburuan, bada mamia eta: geopolitika, emakumeen ahalduntzea, hizkuntza... Kazetariak gai horiekin haritu du kontakizuna, irakurleak «abiapuntua» izan dezan herriaren eta herritarren ibilbidea ezagutzeari ekiteko.

Rojavan [Siriaren menpeko Kurdistan], proiektu feminista «guztiz askatzailea» proposatu dute kurduek: «Testuinguru nahasi horretan beren bide propioa landu dute, denenganako errespetuz. Uste dut denentzako inspirazio iturririk badela, eta ez bakarrik euskaldunontzat». Zatiketen gainetik, demokrazia erradikala eta emakumeen ahalduntzea ari dira sustatzen Rojavan. Liburuaren sinopsiak hala deskribatzen du: «Oasi moduko bat fundamentalismoen basamortuan».

Hizkuntza ere bada Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean-en oinarrietako bat. Kurdueraren eta euskararen arteko lotura bat bada, Urrutikoetxearen arabera: «Euskaldunon memoria ekartzen dugunean, haiek berehala egiten dute konexioa. Eta zuk ere entzuten dituzunean, batez ere Turkiako aldean, oso istorio ezagunak egiten zaizkizu horietako asko. Beharbada, zorionez ez gaur egunean gertu zaizkigulako, baina ez oso memoria urrunean ditugun istorioak ere badirelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.