AHTa

Urtaranek esan du 'euskal Y'-aren eta Nafarroako loturaz hitz egitea «iraingarria» dela herritarrentzat

Nafarroako Gobernuak Ezkio-Itsasotik igarotzen den konexioaren bideragarritasuna ikusteko ikerketa bat eskatu dio Madrili, eta EAJ zein PSEk «alternatiba egokiagoak eta bideragarriak»

Urtaran, Gasteizen AHTa nola lurperatu erabakitzeko bilera batean. ENDIKA PORTILLO/FOKU
jone arruabarrena
2022ko urriaren 19a
16:07
Entzun

AHTaren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zatia Nafarroarekin lotzeko aukerez hitz egitea «iraingarria» da, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen iritziz, AHTaren lanek daramaten atzerapena kontuan hartuta. Eztabaida horretan sartu beharrean, Espainiako Gobernuari eskatu dio arreta lanak bukatzean jartzeko; hain zuzen, Euskadi Irratian emandako elkarrizketa batean gogorarazi du Bilboko eta Gasteizko sarrerak lurperatzeke daudela oraindik, eta Espainiak obra horiek egiteko konpromisoa hartu zuela: «Urteetako atzerapena daramagu, hamarkadetakoa ez esatearren, Euskadirentzat oinarrizkoa den azpiegitura bat eraikitzeko lanetan».

Hala ere, adierazi du Nafarroako lotura egiteko trena Gasteiztik pasatzearen aldekoa dela, Ezkio-Itsasotik pasatu beharrean. Zehaztu du, ordea, «txosten teknikoen araberakoa» izango dela erabaki hori: «Nik beti egingo dut Gasteizen aldeko apustua, bide horren lotura estrategikoa delako, bai iparralde-hegoaldekoa, bai ekialde-mendebaldekoa».

Zalantza ugari

EAJk eta PSEk, berriz, «alternatiba egokiagoak eta bideragarriak» eskatu dizkie Espainiari Arabako Batzar Nagusietan, eta PP eta Elkarrekin Arabak AHTa Gasteiztik igarotzeko egin duten mozioaren kontra bozkatu dute.

Nafarroako Gobernuak ere Madrili eskatu dio Ezkio-Itsasotik igarotzen den konexioaren bideragarritasuna ikusteko ikerketa bat abiatzea. Izan ere, atzo, Nafarroako Gobernuak onartu zuen Ezkioko aukerak «ziurgabetasun maila handia» duela, eta azterketa geotekniko eta hidrologiko osagarriak egitea nahi duela. Horrek, 2023ko amaierara arte atzeratuko du erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.