Lan gatazkak

Bizkaiko metalgintzako greba deialdiak indarrean dirau

CCOOk, LABek eta UGT arduragabetzat jo dute patronalaren jarrera, eta eutsi egin diete hilabete bukaerako lanuzteei. ELAk beste eskaintza bat egin du, baina, patronalaren ustez, «onartezina» da. Bi aldeak hurrengo asteartean bilduko dira berriz.»

Metalgintzako langile bat zerra erabiltzen. MARISOL RAMIEZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 19a
16:09
Entzun

Bizkaiko metalgintza berriz ere greba dinamika batean murgiltzeko zorian dago. Sindikatuek eta FVEM patronalak negoziazio epe honetako hamabosgarren bilera egin dute, eta akordioak urrun dirudi. Patronalak 2019ko lan hitzarmenarekin alderatuta eman nahi dituen «atzerapausoak» indargabetu ezean, sindikatuek ez dituzte bertan behera utziko lanuzteak. Ondorioz, indarrean dira oraindik urriaren 27rako eta 28rako eta azaroaren 2rako eginiko deialdiak. Hala ere, bi aldeek beste bilera bat adostu dute hilaren 25erako: hor izango dute greba eragozteko azken aukera.

Bizkaiko metalgintzako hitzarmena Euskal Herriko zabalduena da, 52.000 langileri eragiten die, eta hura eguneratzeko negoziazio prozesua asko katramilatzen ari da. Iragan asteko bileraren ondoren, CCOOk, LABek eta UGTk —sektoreko ordezkaritzaren %59,5— adierazi zuten keinu bat egiteko prest zeudela FVEMek bere eskaintzako «elementu erregresiboak» kentzen bazituen, eta gaur beste eskaintza bat egiteko asmotan joan dira. ELAk ere asmo bera plazaratu du, eskaintza zerrenda berri batekin batera. FVEMek, baina, ia ez du aldatu iragan astean egin zuen eskaintza, eta, ondorioz, greba deialdia indarrean da oraindik.

Baina zeintzuk dira «elementu erregresibo horiek? Oro har, hiru dira: langileek erosahalmena ez galtzea, hau da, KPIaren araberako eguneraketak egitea, aurten hasita —iazko KPIa %6,5 izan zen, eta aurtengoa %9 inguruan dabil—; malgutasun neurriak ez biguntzea eta baimenetako ordainsariak duintzea. Horiei uko egitea 2019ko akordioarekin alderatuta atzera egitea litzateke sindikatuentzat. 2019an sinatu zuten aurreko lan ituna, eta iragan abendura arte egon zen indarrean.

FVEMek, berriz, aldaketa oso txikiak egin ditu iragan asteko proposamenean, orduan pauso garrantzitsua eman zuela iritzita. Haren arabera, horrela eguneratuko lirateke soldata taulak: %4,5 2022an; %3 2023an; eta %2,5 2024an. Era berean, %2rainokoa izan daitekeen eguneratze bat eskaini du itunaren indarraldiaren amaieran, betiere hiru urte horietako KPI bateratua aurrez adosturiko igoera finkoak baino handiagoa bada. Era berean, eta, FVEMen arabera, malgutasun eskariari dagokion urteko lan orduen kopurua apaldu du. Patronalak ohar bidez salatu du sindikatu guztiek muzin egiten dietela bere proposamenei, eta horrek kolokan jartzen duela enpresen lehiakortasuna.

ELAren proposamen berria

Sindikatu guztiek bat egin dute greba deialdiarekin, baina bi multzotan ari dira negoziatzen. Batetik, COOO, LAB eta UGT daude, ordezkaritzaren %59,5ekin; eta, bestetik, ELA dago, %40,5ekin. ELAk eskaintza berria eraman du gaurko bilerara, baina urrun dago FVEMek proposaturikotik. Bi urteko indarraldia planteatu du, aurtengoa eta 2023koa, eta bietan aurreko urteko KPIaren araberako soldata igoerak egin daitezela. Era berean ABLEen erabilera sei hilabetera murriztea eskatu du, eta subrogazioa azpikontrata ia eremu guztietara zabaltzea. FVEMen arabera, eskaintza hori onartzea «ezinezkoa da» sektoreko enpresa gehienentzat.

Horiek hala, hurrengo astearteko bilera da grebari izkin egiteko azken aukera. Urriaren 28aren eta 29aren eta azaroaren 2aren artean, Domu Santuko zubia dago, eta sindikatuek uste dute eten handia egin dezaketela ekoizpenean. Aurtengo bigarren grebaldia litzateke, udaberrikoaren ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.