Eolikoak

Aldundiaren txosten baten arabera, haize errotek «kalte larriak» egingo dizkiete Arabako zazpi eremuri

Jaurlaritzak, ordea, eremu egokitzat jotzen ditu horiek energia berriztagarria sortzeko. Txostenak ohartarazi du ingurumenean «kalte larriak» ekar ditzakeela.

JUAN CARLOS RUIZ/FOKU. EOLIKOAK OñATIN.
jone arruabarrena
2022ko urriaren 19a
16:40
Entzun

Radio Vitoria irratiak jakinarazi duenez, Arabako Foru Aldundiko Ondare Naturalen eta Jasangarritasunaren zerbitzuak kaleratu duen txosten batean ondorioztatu dute Eusko Jaurlaritzak sorgailu eolikoak jartzeko proposatu dituen Arabako bederatzi eremuetatik zazpitan «ingurumen kalte larriak» ekarriko lituzketela.

Txostena ez dator bat Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurraldearen Arloko Planaren Ohiko Ingurumen ebaluazio Estrategikoarekin. Izan ere, Jaurlaritzak egindako txostenak energia berriztagarria sortzeko eremu egokitzat jotzen ditu bederatzi esparruak, horietan hamahiru parke eoliko eraikitzeko.

Horrelako proiektu batek eremu horietako zazpitan inpaktu handia eragingo lukeela adierazi dute, ordea, azken txosten horretan, eta ingurumenari «kalte larria» edo «oso larria» eragingo liokeela. Horrez gain, azterketak adierazi du Jaurlaritzaren planak ez dituela babesten eremu babestuen artean lotura egiten duten eremuak.

Bi dira, beraz, sorgailu eolikoak jartzeko leku egokiak, ikerketaren arabera: batetik, Ganekogortan dagoena (Aiarako haranean); esparru hori jada oso «antropizatuta» dagoelako. Bestetik, Labrazako parkean eolikoak jartzea ere egoki ikusten du, jada bertan jarrita dauden errotei gehiago gehitzea izango litzatekeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.