Reala 1-0 Mallorca

Estu antzean, baina geldiezin

Realak sufrituta irabazi du Mallorcaren aurkako partida; Merinok egin du gola. Txuri-urdinek orain 55 urteko marka hobetu dute, zortzi partida jarraian irabazita. 75 urteko bazkide bat hil da, harmailetan ondoeza egin eta gero.  

Mikel Merino, neurketako une batean. Iruindarrak egin du txuri-urdinen gola. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 19a
22:37
Entzun

Reala geldiezin ari da azken boladan. Irabazi egin du azken jardunaldietan, nola txapelketa batean, hala bestean, aldez edo moldez. Jadanik zortzi dira segidan irabazi dituen partidak, eta Espainiako ligan lortu ditu haietako bost. Gaur azkena, Mallorca menderatuta: 1-0. Gisa horretara, txuri-urdinek beren historiako garaipen kopuru handiena kateatu dute, 1967ko marka hobetuta. Donostiarrek zazpi eskuratu zituzten urte hartan.

Imanol Alguacilen taldeak beste ale bat gehitu du zakura. Sufrituta egin ere, aurkariak izugarri estutu baitio bigarren zatian. Ordea, urrezko hiru puntu batu ditu, sailkapeneko hirugarren postuan kokatzeko. Emaitza horri esker, Realak aurre hartu die Atletico Madrili eta Betisi.
Taldeak neurketa hasi orduko ondu du garaipena, baina, egiari zor, ez du modu distiratsuan eskuratu. Teknikari oriotarrak aldaketak egin ditu hamaikakoan. Besteak beste, Robin Le Normandi eta Martin Zubimendiri eman die atseden, eta Mikel Merino hasieratik kokatu, bi partida eta gero.

Hain justu, nafarra izan da golegilea, partida hasi eta gutxira. Erdilariak buruz errematatu du Brais Mendezek egindako korner jaurtiketa bat, eta sasoiko lehen gola egin du laugarren minutuan. Estrategiako jokaldian aurreratu da Reala, beste behin: azken lau partidetan gol bana egin du gisa horretara. Berehalakoan aurrea hartuta, neurketak itxura ona hartu du etxekoentzat. Dena den, Mallorcak pare bat saialdi egin ditu gola jaso eta gutxira. Angel Rodriguezek langara bota du baloia 12. minutuan, boleaz jota. Hura izan da bisitariek lehen zatian izandakoa aukerarik onena.

Realak izan du jokoaren nagusitza lehen zatian, eta bigarreneko minuturik gehienetan. Mallorcak lagundu egin dio horretan. Izan ere, Javier Agirre teknikariak 5-4-1eko sistema prestatu du Anoetarako. Txuri-urdinei utzi die gidaritza, eta itxaro egin du, zer gertatuko. Hala, baloi jabetza etxekoena izan da, eta haiek izan dituzte lehen zatiko aukerarik argienak. Ordea, ez dute aldea handitzen asmatu. Take Kubok ate aurrean huts egindako aukera izan da horren adibide, 25. minutuan. Japoniarrak huts egin du, zailena egin eta gero.

Barkatzea, kalterako

Hala igaro dira lehen zatiko gainontzeko minutuak. Realak jokoaren kontrola izan bai, baina minik ez du egin azken metroetan. Horrela amaitu da lehen erdia, eta erasoari emanda ekin dio bigarren zatiari ere. Batez ere, geldikako jokaldietan egin du min: atsedenalditik itzuli eta hamar minuturen barruan lau korner atera dituzte etxekoek.

Alabaina, Realak barkatu egin du, lehen zatian bezalaxe, baina arriskua handiagoa izan du. Mallorcak estu hartu du Imanolen taldea, eta Agirreren multzoa gailendu egin da jokoan donostiarrei nekeak gain hartu ahala. Sufritu egin du Realak, izugarri egin ere. Gorriek gol aukerak kateatu dituzte bata bestearen atzetik, eta Anoetakoak iparra aurkitu ezinda aritu dira. Mallorcak gol bat ere egin du, 56. minutuan, baina epaileak ezerezean utzi du, Ndiayek Aritz Elustondori falta egin diolako. Aurrelariak apropos zangotrabatu du Beasaingo atzelaria, eta aterabakar-bakarrik jotzeko.

Realari luze egin zaio norgehiagokaren azken zatia. Baloi jabetza galduta, deseroso aritu dajokoan, eta kontraerasoak probestu ditu Mallorcak. Alex Remirok egindako geldiketa bat gako izan da emaitzari eusteko.Lortu dute hori, azkenerako, eta txuri-urdinek aurrerako urratsa egin dute garaipena erdietsita. Aise edo estu, puntuak biltzea da loriarako gakoa, eta gaur-gaurkoz, bide horretan ondo ari da Reala: «Asko kostatzen da partidak irabaztea, eta zortzi jarraian lotzea oparia da guretzat. Oso pozik gaude horregatik», esan du Mikel Merinok partida amaitu orduko.

Samina nagusitu da Anoetan

Harmailetatik heldu da neurketako albiste garratza. 75 urteko zale bat hil da, neurketaren atarian ondoeza egin eta gero. Partida aurreikusi baino beranduago hasi da hori dela eta. Larrialde zerbitzuek Donostiako Ospitalera eraman dute bazkidea, eta handik gutxira hil da. Halakoetan, soropilekoa itzalean geratzen da: «Denon izenean, atsekabea helarazi nahi diet senideei», adierazi du Merinok. Realak ere bat egin du saminean, eta hildakoari eskaini dio garaipena, klubak sare sozialetan argitaratu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.