Bihar hasiko dira Kanboko lurren okupatzen

Astebururako programazioa antolatu dute Marieneako lurretan. ELB, FDSEA, eta Jeunes Agriculteurs laborari sindikatuek, Lurzaindiak, Cadek, Ostia kolektiboak eta Nahi Dugun Herria talde politikoak deitu dute bertan parte hartzera.

Marieneako etxebizitza proiektuaren aurkako eta laborantza lurren aldeko protesta, apirilean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urriaren 20a
11:50
Entzun

Kanboko Marieneako laborantza lurretan (Lapurdi) plantatuko dira ekintzaileak asteburu honetan. Bihar arratsaldean eman dute ordua, 18:00etan, mobilizazio asteburuari hasiera emateko. Badira urte batzuk Bouygues Immobilier enpresaren eraikuntza proiektu bati aurre egiteko protestan ari direla hainbat kolektibo, eta afera justiziaren aitzinera eraman ondotik, okupazio asteburu bat antolatzea deliberatu dute.

Hasieran, ELBk, Lurzaindiak, Ostia kolektiboak eta Kanboko ezkerreko abertzaleen Nahi Dugun Herria talde politikoak parte hartzeko deia egin zuten. Aste honetan, FDSEA eta Jeunes Agriculteurs laborari sindikatuek ere bat egin dute okupazioarekin, «laborantza lurren defentsan» aritzeko. Bakan gertatzen da bi sindikatu horiek ELBrekin batean agertzea deialdi batean.

Auzitegitik okupaziora

Bataila juridikoa Paueko Auzitegi Administratiboan (Biarno) hasi zuten Lurzaindiak, Cadek eta Nahi Dugun Herria taldeak. Kanboko Tokiko Hirigintza Plana auzitan ezarri zuten, Bouygues enpresak duen eraikuntza proiektua oztopatzeko. Uda honetan, ordea, epaileak atzera bota du errekurtsoa, argudiatuz Marieneako lurren laborantzarako izaera ezin dela frogatu. Erabakia «ulertezina» egin zaie eragileei, eta dei egitea deliberatu dute. Izan ere, gaur egun, Ossau Irati sor-markaren barruan ari den laborari batek baliatzen ditu lur horiek. Helegitearen erantzunaren beha daude orain. Aldi berean, Cadek Bouygues Immobilier enpresak pausatutako eraikitzeko baimena auzitan ezarri du, eta erantzunaren beha daude horiek ere.

Auzitegien erabakien gainetik, eragileek Marieneko laborantza lurrak atxikitzeko beharra azpimarratu dute, eta, horretarako, bihartik igandera arte lurretan egonen dira. Bihar, 18:00etan, hasierako ekitaldia eginen dute. Larunbateko 10:00etarako, berriz, manifestazioa antolatu dute Kanboko Herriko Etxetik lurretaraino. FDSEA eta JA sindikatuek ere bat egin dute manifestazio deialdiarekin. Herri bazkaria eginen dute ondotik, eta, arratsaldean, topaketak eta hitzaldiak izanen dira Marienean. Igandean, hitzaldiekin segituko dute, eta okupazioa arratsalderako desmuntatuko dutela erran dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.