Autogobernua

Espainiako Gobernuak aldiriko trenen kudeaketa eskualdatzeko proposamen bat egin dio Jaurlaritzari

Itxasok azaldu du transferentzia «inoiz baino gertuago» dagoela, baina Garamendik erantzun dio lehenik testua aztertu behar dutela.

Garamendi eta Rodriguez, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOñA / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 20a
12:26
Entzun

Gernikako Estatutuan jasotako eskumenen transferentzien inguruko negoziazioak ez atzera ez aurrera egon dira zenbait hilabetez, baina bi aldeek urratsak egiteko asmoa adierazi dute kurtso politikoaren hasierarekin. Hala, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok jakinarazi du Moncloak aldiriko trenen transferentziaren inguruko proposamen «errealista» bat bidali diola Eusko Jaurlaritzari. Haren esanetan, eskualdaketa «inoiz baino gertuago» dago. Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendik, ordea, uste du «oso goiz» dela euren planteamenduetara egokitzen ote den baieztatzeko.

Proposamenaren arabera, egun Renfek kudeatzen dituen aldiriko trenen kudeaketa euskal administrazioen esku geratuko litzateke. Badira, baina, salbuespenak. Espainiako Gobernuaren ordezkariak Bizkaia Irratian esandakoaren arabera, uneren batean beste autonomia erkidego batera igarotzen diren lineen kudeaketak Madrilen esku jarraituko luke. Eta, betiere, azpiegituren titulartasuna ere Moncloarena litzateke. Gainera, El Correo egunkariak argitaratu duenez, kudeaketa Renferena litzateke 2028ra arte, martxan dauden kontratuak direla medio.

Aurkeztutako proposamena talde teknikoen lan «zorrotz» baten ondorio dela azaldu du Itxasok, eta gehitu du orain denbora eman behar zaiola Eusko Jaurlaritzari, testua «ondo» azter dezan. Zehazki, Garraio Sailari egin dio aipamena. Hura Iñaki Arriola sozialistaren esku dago.

Garamendik ere baieztatu du atzo «azken orduan» jaso zutela proposamena, eta azaldu du Jaurlaritzak aurrez egindako zenbait alegazio jaso dituela. Halere, Autogobernu Sailak ez du testua «sakonki» aztertzeko tarterik izan oraindik. Gai «konplexua» da, sailburuaren hitzetan, besteak beste Kontzertu Ekonomikoaren egokitzapen bat eskatuko lukeelako. Hala, itxi gabeko negoziazio bat dela gogoratu du, eta, Itxasok egin bezala, uko egin dio xehetasunei buruz hitz egiteari. Horiek gobernuen arteko batzorde mistoan tratatu beharko dituzte.

2023ko Espainiako aurrekontuen inguruko negoziazioak martxan direla iritsi da proposamena. Hala, aldiriko trenen kudeaketaren transferentziarako emandako pausoa EAJri egindako keinu gisa uler daiteke. Izan ere, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek gaur goizean adierazi du ahalik eta akordio «onena» lortzen saiatuko direla, «Euskadik mahai gainean dituen proiektuak» betetzeko eta osoko zuzenketarik ez aurkezteko —bihar bukatuko da epea—. Iaz, besteak beste, AHTaren Gasteizko eta Bilboko sarbideetako lanen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uztea negoziatu eta lortu zuten jeltzaleek, Madrilen aurrekontuei baiezkoa ematearen truke.

«Fase berri bat»

Negoziazio prozesua bizitzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak zenbait proposamen jarri zituen Espainiako Gobernuaren mahai gainean, baina haiek ez zuten esperotako erantzunik izan. Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek Kongresuan jakinarazi zuen gobernuak ez zituela lau proposamen begi onez ikusten, eta onartu zuen prozesua «paralisi» egoeran zegoela.

Uztailaren amaierara arte ez zen bestelako erantzun publikorik iritsi. Garamendi eta Rodriguez aurrez aurre bildu ziren, eta bigarrenak bi iragarpen egin zituen. Batetik, litekeena zela aldiriko trenen inguruko akordioa ixtetik gertu egotea. Bestetik, Madril prest zegoela uda ostean migrazio eta itsasertzaren antolamendu eskumenen inguruan negoziatzeko.

Gauzak hala, kurtso politikoa hastearekin, jeltzaleek urratsak egiteko eskatu zioten Espainiako Gobernuari. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza izan zen kritika haiei erantzuteko arduraduna. Politika orokorreko eztabaidan jakinarazi zuen Moncloak jada adierazi ziola Eusko Jaurlaritzari negoziazio «fase berri bat» hasteko asmoa, eta Jaurlaritzako lehendakariorde Josu Erkorekak baieztatu zuen elkarrizketak martxan zeudela.

Orain, Itxasok azaldu du «autogobernuaren garapenerako lanak» ez direla etenda egon, eta azken hilabeteetan landutako gaietako bat izan dela aldiriko trenen eskumenaren transferentzia. Haren hitzetan, bi gobernuek kolaboraziorako «erabateko jarrera» erakutsi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.