Bertsolaritza Txapelketa Nagusia
Alaia Martinek irabazi du lehenengo finalaurrekoa
Joanes Illarregik bigarren egin du Elizondon jokatutako saioan. Jarraian sailkatu dira Agin Laburu, Unai Agirre, Onintza Enbeita eta Iñaki Apalategi

Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehen finalaurrekoan Alaia Martin izan da nagusi. Hark bildu ditu puntu gehien Elizondoko Baztan pilotalekuan jokatutako saioan, 729,5 hain zuzen ere.
Martin nabarmendu da saio osoan, eta Joanes Illarregik ere saio aipagarria egin du. Gauzak horrela, bigarren sailkatu da 711 punturekin. Atzetik etorri dira Agin Laburu (677), Unai Agirre (652), Onintza Enbeita (639,5) eta Iñaki Apalategi (623)
Abenduaren 3ra arte larunbatero jokatuko dira finalaurrekoak, eta haietan erabakiko da zein zazpi bertsolari arituko diren finalean, Maialen Lujanbio txapeldunarekin batera.
Zuzeneko kontakizuna
Txapeldunaren agurra
Hona hemen Alaia Martin Etxebesteren agurra:
"Muxu bat zuri, amona, morez margotuta
udazkenak jarraitu beza loratuta.
Entzule agurtzen naiz oholtzatik muxuka,
ta atzetik sentitu naiz horren babestuta.
Batzutan ziur edo igual beldurtuta,
bidea egin dezagun eskutik helduta".

Olatz Enzunza Mallona
Onintza Enbeita izan da azkena oholtza gainera igotzen. Zortzi urteko umearen paperean jarri da bertsolaria, eta Maddi lagunari esker, pixkanaka eskolara joateari beldurra galtzen ari dela kontatu du lehen bertsoan. Txalo zaparrada itzela jaso du hirugarren bertsoaren amaieran: "Maddi ausarta da. Esaten dit:/ Benga, Onintza, aurrera!/ Gaur ez zaizkizu atrebituko/ berriz lodia deitzera".

Olatz Enzunza Mallona
Ume baten rolean jarri da Alaia Martin ere ganbarako lana osatzeko. Bakarkako indartsua egin du bertsolariak. Lehen eskola eguna izango duela kontatu du lehen bertsoaldian, eta, beldur bada ere, amaren babesa sentitzen duela abestu du. Hala bukatu du bigarren bertsoaldia: "Eskuak batuta sortzen da/ arima besarkada". Amairako bertsoarekin biribildu du bertsoaldia: "Pentsatu nahi dut gaurkoa/ dugula egun polita./ Noizbaiten erortzen banaiz/ eskua helduko dit ta".

Olatz Enzunza Mallona
Iñaki Apalategiren txanda orain. Istripu larri bat izan ondoren, ospitalean dago Apalategi, mugitu ezinik. Norbait eskua ematen ari zaiola nabaritu du lehen bertsoaldian: "Ia ez zaitut ikusten baina,/ nor zaren ederki dakit". Denbora batez eskua laztandu eta laztandu ibili dela kontatu du Apalategik, eta jasotako bisita eskertu du amaieran: "Bihar etorri berriro".

Olatz Enzunza Mallona
Lan ederra egin du Joanes Illarregik. Ama gaixo duen semearen paperean jarri da bertsolaria: "Mundutik doa izandu zena/ alaia ta amestia./ Gaixotasunak jarri baitzion/ prezio hain garestia./ Eskutik heldu nau, ta izan da/ oso momentu eztia;/ ta hitzik gabe hala esan dit/ esan behar den guztia". Bigarren bertsoaldian jaso du txalo zaparrada handiena: "Ospitaleko gela honetan,/ ze metafora iluna:/ bera da hiltzen ari dena ta/ ni indarra behar duna".

Olatz Enzunza Mallona
Zahar egoitzan dagoen gizonezko baten azalean jarri da Unai Agirre. Pandemia garaia izan du hizpide, eta une gogorrak bizi izan dituztela kontatu du lehenengo bertsoaldian: "Lasai dagonak pentsatukozun:/ dena bere hortan bego./ Baina zaharren egoitza hontan/ ez gara sentitu bero". Senideen falta izan duela esan du, eta bakartuta egondako garai latzak izan ditu gogoan. Fin amaitu du bertsoaldia: "Nahiko milagro izandu det nik:/ bizirik ateratzea".

Olatz Enzunza Mallona
Bikotea dira Laburu eta Agirre. Gabonak datozela-eta, oporretan joateko proposamena egin dio Agirrek Labururi. Umoretik heldu die gaiari bi bertsolariek, eta bata bestearen senideak kritikatzen aritu dira. Honakoa proposatu dio Laginek: "Igual onena izango degu/ nork bere etxean". Agirrek baina, beste erabaki bat hartu du: "Agin, maitea, ni banihoa;/ zu hemen gelditu".
Lagunak dira Enbeita eta Illarregi. Beti kexaka dabilela esan dio Illarregik Onintzari, baina ez duela egoera aldatzeko ezer egiten. Hauek ere umorerantz jo dute, eta bertsoaldi politak utzi dituzte.

Olatz Enzunza Mallona
Sei puntuko motzean hasi dira bertsolariak. Binaka, gaia emanda, hiruna bertso osatu beharko dituzte. Telebistako programa bateko aurkezleak dira Apalategi eta Martin. Kritika ugari jaso ditu programak sare sozialetan. Kexatu direnen arabera, aurkezle horiek itxura fisikoarengatik daude aurkezle lanetan, eta ez euren gaitasunengatik. Jasotako kritikei erantzuteko asmo argia erakutsi du Martinek: "Nik defendatu egin nahi nuke/ nire ohorea". Merezi ez duenari ez erantzuteko gomendioa egin dio Apalategik, baina gogor erantzun dio Martinek: "Nik nahi dudana egingo dut ta/ zuk ere hala egin".

Olatz Enzunza Mallona
Illarregi eta Martin orain mikro aurrean. Sex shop batean lanean hasi da Illarregi, eta laneko lehen egunean, haren ama etorri da dendara. Hala abiatu da Illarregi: "Animo esatera/ ez zara etorri". Bizi aritu dira bi bertsolariak bertsoaldi osoan zehar, eta publikoaren aldetik ere, sekulako txalo zaparrada jaso dute.

Olatz Enzunza Mallona
Zortziko txikian ari dira kantuan orain Agirre eta Apalategi. Goizero hartzen du kafea Agirrek Apalategiren tabernan, baina azken astean ez dago egunero irakurri ohi duen egunkaria tabernan. Umoretik heldu die gaiari bi bertsolariek. Hala esan dio Agirrek: "Egunkaririk gabe,/ kaferik ez det nahi". Konponbidea eman dio Apalategik: "Hainbeste irakur grin/ baldin baduzu zuk,/ lasai, bezperakoak gordeko dizkizut".

Olatz Enzunza Mallona
Hasi dira ariketa puntuagarriak. Iñaki Apalategi eta Agin Laburu daude orain oholtza gainean. Multinazional bateko langileak dira bi bertsolariak, eta hedabideen bitartez jakin dute hainbat kaleratze egongo direla euren enpresan. Apalategik greba egiteko proposamena egin dio Labururi, baina ez du konbentzitu bigarren hau: "Baino bazpare enaiz joango/ lehenbiziko protestara".

Olatz Enzunza Mallona
Hauxe da gaurkoan sei bertsolariek egin beharko duten lana:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
- Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso bertsolariek nahi duten doinu eta neurrian.

Olatz Enzunza Mallona
Hamar minutu barru hasiko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa, Elizondon. Sei bertsolari hauek arituko dira kantuan: Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Iñaki Apalategi Astigarraga, Joanes Illarregi Marzol, Onintza Enbeita Maguregi eta Unai Agirre Goia. Pilotalekua jendez lepo dago honezkero.

Olatz Enzunza Mallona
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.