Gerra Ukrainan

EBk Irango bost pertsona eta erakunde bat zigortu ditu, Errusiari «drone suizidak» saltzeagatik

NATOk adierazi duenez, «zantzu guztien arabera» Teheranek drone batzuk eman dizkio Moskuri. Ukrainako Gobernuak erabaki du elektrizitatearen erabilera %20 murriztea herrialde osoan.

Ukrainako larrialdi zerbitzuetako kideak lanean, astelehenean, drone batek Kiev erdialdeko eraikin baten aurka eztanda egin ostean. OLEG PETRASYUK / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 20a
14:28
Entzun

EB Europako Batasunak Irango bost pertsonaren eta erakunde baten aurkako zigorrak onartu ditu, Errusiari «drone suizidak» saldu dizkiotela argudiatuta. Era berean, Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak adierazi duenez, «zantzu guztien arabera» Iranek drone batzuk eman dizkio Moskuri, eta ohartarazi du lankidetza militar horrek «urratu» egiten dituela NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak onartutako ebazpenak. Hori dela eta, Stoltenbergek Teherani eta beste herrialdeei eskatu die ez babesteko Errusiak Ukrainan otsail amaieran abiatutako gerra «ilegala».

Joan den aste hasieratik, Errusiako indarrek hainbatetan egin diote eraso Kieveko erdialdeari droneak erabilita. Ukrainako iturri ofizialen arabera, adierazi zuten hiriburuan erabilitako «drone suizidak» Iranen egindakoak direla. Teheranek, baina, gezurtatu egin du, eta nabarmendu ez diela armarik eman «gerran dauden alderdietako herrialdeei».

Stoltenbergek, berriz, esan du aliantzak «oso gertutik» aztertzen dituela «Iranek Errusiarekin egin dituen mugimenduak», baina ez du berririk eman nahi izan inteligentzia zerbitzuek NATOri emandako xehetasunei buruz. Haren ustez, Errusiak Ukrainan «era guztietako» helburuen aurka egin dituen erasoek «Kievi babesa areagotzeko premia nabarmendu besterik ez dute egiten».

Errusiako Defentsa Ministerioaren esanetan, Ukrainako «instalazio militarrak eta energia azpiegiturak» hondatzeko asmoz ari dira egiten «erasoaldi masiboak» azken egunotan. Hain zuzen, Errusiako indarrek hirurehun aire eraso baino gehiago egin dituzte Ukrainako azpiegitura elektrikoen aurka urriaren 10etik, Ukrainako Energia ministroaren arabera.

Hori dela eta, Ukrainako Gobernuak gaur erabaki du elektrizitatearen erabilera 07:00etatik 23:00etara mugatzea herrialde osoan, energiaren kontsumoa %20 murrizteko asmoz. «Neurri hori nahikoa ez bada, derrigorrezko geldialdiak egitera behartuta egongo gara», esan dio Herman Halushtxenko ministroak Ukrainako telebistari. Errusiako armadak zentral elektrikoen herenak suntsitu ditu, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak emandako datuen arabera. Burxtin hiriko ikatzezko zentral termiko bat izan zen atzo kaltetutako instalazioetako bat, Ukraina mendebaldean.

Khersongo ebakuazioa, abian

Errusiako presidente Vladimir Putinek gerra legea ezarri zuen atzo Errusiako Federazioak irailean anexionatu zituen lau lurraldetan: Khersonen, Zaporizhian, Luhansken eta Donetsken. Hain zuzen, zibilak Errusiara lekualdatzen hasiak dira Kremlinek Khersonen ezarritako funtzionarioak, bertako egoera militarra «tentsio handikoa» dela eta. Eskualdeko buruzagi Vladimir Saldok azaldu duenez, 60.000 pertsona Dnieper ibaian itsasontziz eramateko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.