Osasuna

Osakidetzari galdegin diote autismoa duten pertsonentzako protokolo bat abiatzeko

EH Bilduk proposatuta, autismoa duten pertsonen «erabateko inklusioa» bermatzeko politika publikoak eskatu dizkio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari.

Autismoaz kontzientzatzeko nazioarteko eguna, artxiboko irudian. JON HERNAEZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 20a
15:01
Entzun

EH Bilduren proposamen bat aintzat harturik, Eusko Legebiltzarrak Osakidetzari galdegin dio AEN Autismoaren Espektroko Nahastea duten pertsonentzako jarduera protokolo bat abian jar dezala, haien behar espezifikoei erantzuteko. Protokolo hori autismoa duten pertsonekin eta haien familiekin lan egiten duten eragileekin batera ontzeko eskatu dio Osakidetzari. EH Bilduk eraman du ekinbidea bilkurara. Jatorrizko testuak ez du aurrera egin, baina bai haren ordez EAJrekin, PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin hitzartutako erdibideko zuzenketak.

Protokoloaren beharra defendatu du Maria Garde EH Bilduko legebiltzarkideak: «Autismoa duten pertsonentzat kontsulta batera joatea ere sekulako esfortzua da; haientzat itxaron gelan egotea bera ere arazo handia izan daiteke, zaratak, argiak edota jendetzak antsietatea sor diezaieketelako».

Legebiltzarrak onetsitako testuaren arabera, Jaurlaritzak azterketa bat egin beharko du autismoa duten herritarren eta euren familien errealitateari buruz. Gainera, adostutakoaren arabera, Jaurlaritzak autismoaren inguruko formakuntza espezifikoa sustatuko du kolektibo horrekin lan egiten duten profesional guztientzat, Osakidetzan, gizarte zerbitzuetan, enpleguan eta hezkuntzan. EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, garrantzitsua da aztertzea zer-nolako erantzuna ematen dien sistema publikoak pertsona horiei, baliabide falta nabarmena delako. Datua ere eman du Gardek: OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 160 umetik batek autismoaren espektroko nahasteren bat du. «Hau da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.000 kasu inguru lirateke, eta zeharka, 60.000 pertsonari eragingo lieke», ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.