Lan gatazkak

Gorenak dio pandemian egindako kaleratze guztiak ezin direla baliogabetzat jo

Espainiako auzitegiak atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiaren irizpidea. Ebatzi du kasuan-kasuan aztertu behar direla.

Tubacexeko langileak, EAEko Auzitegi Nagusiaren urrean eginiko protesta batean. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 20a
16:00
Entzun

Pandemian langileen kaleratzeak saihesteko Espainiako Gobernuak hartutako erabaki nagusietako baten analisi zurruna egin du Auzitegi Gorenak, hein handi batean horren aurka azaldu diren enpresei arrazoia emanez. Ebatzi du orduan egindako kaleratze guztiak ezin direla baliogabetzat jo eta kasuan-kasuan aztertu behar direla.

Osasun krisia hasi eta gutxira, Madrilek, dekretu batean, «debekatu» egin zituen kaleratzeak, pandemiari lotutako arrazoi ekonomikoak argudiatzen baziren. Eta kaleratzeak saihesteko, araudiak enpresei eskatzen zien enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente berezietara jotzeko, zeinak aste batzuk lehenago onartu baitziren. Dekretu horretan oinarrituta, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zituen kaleratze batzuk.

Lan Arloko salak —Garbiñe Biurrun magistratua du buru— irizpide hori adostu zuen. Horretan oinarritutako epai bat Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi zen, enpresak jarritako helegitearengatik, eta auzitegi horrek atzera bota du orain EAEko auzitegiaren ikuspuntua. Gorenaren arabera, pandemiagatik egindako kaleratze bakoitza kasuan-kasuan aztertu behar da baliogabea ala bidegabea izan den ebazteko.

Araudi anbiguoa

Gorenaren arabera, Espainiako Gobernuaren dekretua anbiguoa da, ez duelako kaleratzeko debekua ezartzeko lege oinarririk —«ez dago [kaleratzeko] benetako debekurik», dio—, eta kaleratzeak eginez gero horiek nolakoak izan behar duten ere ez duelako zehazten. Horiek horrela, ez du egoki ikusten kaleratzeak automatikoki baliogabetzat jotzea, hori egin ahal izateko zer araudi eta oinarrizko eskubide urratzen diren argitu beharko lukeelako dekretuak. Hori gabe, kasu bakoitzean zer eskubide urratu diren aztertu behar luke epaimahaiak. Enplegu erregulazioen tresna erabiltzeari buruz, berriz, auzitegiak dio dekretuak ez duela jasotzen «benetako obligazioa» denik enpresentzat.

Pandemia garaian oihartzun handiko kaleratze batzuk egon ziren. Langileen kopuruagatik EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen espediente handiena Tubacex Arabako hodi ekoizlearena izan zen. Enpresak ez zuen Gorenean helegiterik jarri, eta langileek zuzendaritzaren eskaintza onartu zuten erreferendumean. ITP Aeroren kaleratzeak ere baliogabetu zituen Bilboko epaitegiak, baina ez zen Espainiako Gobernuaren dekretuaren mamian sartu; beste arrazoi batzuengatik baliogabetu zuen espedientea. Aernnovaren kasuan, berriz, epaimahai batek onartu egin zituen kaleratzeak, bidegabetzat jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.