EUSKARA

Zonifikazioaren aurka manifestatzera deitu du Hordagok, «Tuterako Udalaren traben gainetik»

Deskontrol taldearen kontzertuari baimena ukatu dio Navarra Sumak. Larunbatean eginen dute protesta, 17:30ean, Tuterako Plaza Berritik abiatuta.

Hordago ekinbideak larunbaterako antolatu duen manifestazioaren aurkezpena, ekainean. HORDAGO
Ion Orzaiz.
2022ko urriaren 20a
18:15
Entzun

Hordago herri ekinbideak deituta, Nafarroako Euskararen Legeak 1986an ezarritako zonifikazioaren aurka protesta eginen dute larunbat honetan Tuteran (Nafarroa). Plaza Berritik abiatuko da protesta, 17:30ean, Zonifikazioari hordago! lelopean.

Gaur, manifestaziora joateko deia berretsi dute antolatzaileek, «Tuterako Udalak jarritako traba guztien gainetik». «Egin eginen da. Oztopoak oztopo. Ez baitira gutxi izan Tuterako Udalak —Navarra Sumaren eskuetan dago— mobilizazio honi paratu dizkion trabak. Eta, horren ondorioz, adibidez, manifestazio bukaerarako Agerraldiak antolatuak zituen kontzertuak ezin izanen dira egin», azaldu dute ohar batean.

Hordago herri ekinaldiak iazko azaroan egin zuen lehendabiziko agerraldia, Cortesen, eta erdigunean jarri zuen zer helburu duen: zonifikazioaren aurka lan egiteko sortu dute, euskara herrialde osoan izan dadin ofiziala. Hegoaldetik hasiak dira bultza egiten, ofizialtasunaren aldeko olatuak Nafarroako bazter guztiak busti ditzan.

Errigora eta Agerraldiaren salaketa

Hain zuzen, Hordagoren manifestazioaren karietara, Deskontrol taldearen emanaldia antolatua zuten Errigora eta Agerraldia elkarteek Tuteran, baina, antolatzaileek salatu dutenez, bertan behera utzi behar izan dute, alkateak jarritako trabengatik. «Maiatzetik gabiltza udalaren atzetik: eskaerak aurkeztu, haiekin batzartu, udaletxera joan eta inork ez erantzun, alternatibak aurkeztu...», azaldu dute Errigorako eta Agerraldiko kideek gaur, Kontseiluko eta Behatokiko ordezkariekin batera eginiko agerraldian.

Udalaren jokabide «arbitrarioa» dela-eta kontzertua egiteko baldintzarik ez zegoela iritzita, bertan behera utzi dute, oraingoz. «Oinarririk gabeko erabaki arbitrarioak hartu dituzte baimenak emateko eta ukatzeko orduan; eman dizkiguten argumentuek ez dute oinarririk, eta gaur egun oraindik onartua ez den udal ordenantza bat jarri digute aitzakiatzat». Hala, elkarteak xehe-xehe azaldu ditu maiatzetik gaurdaino egin dituen urrats guztiak, udal gobernuari aurkeztu dizkion proiektu eta alternatiba guztiak, eta baita Kultura, Kirol eta Jaietako sailei eta Udaltzaingoari eskatutako baimen guztiak ere. Hala eta guztiz ere, udalak ez du baimendu nahi izan ekitaldia. Hala ere, antolatzaileek iragarri dute aurrera eginen dutela eta, orain ez bada ere, kontzertua udaberrian eginen dutela, «baldintza egokiak ziurtatuta, kontzertu jendetsua, alaia eta parte hartzailea izan dadin». Bestalde, Errigorak eta Agerraldiak eutsi eginen diote larunbatean egitekoak diren beste ekitaldiari: udazkeneko saskien kanpaina abiatuko dute Ablitasen, 09:30etik aurrera. 10.000 saski prestatuko dituzte auzolanean, tokiko produktuekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.