Osasuna 1-0 Espanyol

Hauspoa emango dio

Osasuna garaipenaren bidera itzuli da, lau partidaren ostean. Iruindarrek partidako gol bakarra baliatu dute Espanyol menderatzeko. Arrasatek zazpi aldaketa egin ditu hasierako hamaikakoan.

Jokalari gorritxoak, gustura, partida amaitu berritan. JESUS DIGES / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 20a
22:20
Entzun

Osasuna garaipenaren bidera itzuli da lau partidaren ostean. Jagoba Arrasateren taldeak Espanyol gainditu du gaur, eta, horri esker, irabazi gabeko bolada eten eta onbidera bueltatu da. Bazuen horretarako premia, orain hurrena irailaren 12an nagusitu baitzen Espainiako Ligan, azkeneko aldiz. Beharra zuen, ez sailkapeneko estutasunengatik, aurrez gaitasuna frogatua zuelako baizik.

Gorritxoak zazpigarrenak dira sailkapenean, hamar jardunaldi jokatu ostean. Ez da kasualitatea; Osasunak sasoi hasiera ona egin du, baina hasiera bikain baten ostean estu aritu da azkenaldian, irabazi ezinda. Joera hori moztu du Espanyolen aurka. Izan ere, aldez edo moldez puntuak biltzea da txapelketan gora begiratzeko gakoa, eta hori falta zuen Osasunak. Kataluniarren aurka lortu du egoera iraultzea; oro har, jokoan nagusi izan dira iruindarrak, eta hobera egin dute norgehiagokak aurrera egin ahala. Horrek ahalbidetu die nagusitzea. Tarte murritza lortu arren, emaitza balekoa izan da azkenerako.

Arrasate teknikariak partidaren bezperan iragarri zuen aldaketak egingo zituela, eta bete egin du esandakoa. Berriatukoak zazpi aldaketa egin ditu joan zen asteleheneko neurketarekin alderatuta. Aitor Fernandezen parte hartzea izan da azpimarragarriena. Arrasateko (Gipuzkoa) atezainak estreinako aldiz jokatu du partida ofizial batean, eta haren aldeko apustuak fruitua eman du. Osasunak hutsean utzi du atea, lau partidaren ostean. Bestela esanda, golik ez jasotzea irabaztearen sinonimo da nafarrentzat.

Fernandez lana ezinbestekoa izan da horretarako. Hura eta Ez Abde izan dira jokalaririk onentsuenak, nor bere egitekoan. Atezainak erantzun ona eman die Espanyolen joaldiei; izan geldikako jokaldietan, izan atzetik aurrera antolatutako erasoetan. Abdek, aldiz, supiztaile lanak egin ditu ezker hegaletik. Bizi aritu zen, eta horrek bizitu du Osasuna.

Iruñeko taldea nagusi izan da zelaian. Ez alferrik, etxekoen izan baita baloi jabetzaren %64, eta hamazazpi jaurtiketa egin ditu partida osoan zehar. Kontrara, hiru besterik ez ditu egin Espanyolek. Dena den, Arrasateren taldeari kosta egin zaio lehen zatian. Kontrarioak baino prestutasun gehiago izan du, baina sakontasuna falta izan zaio. Hein batean, Espanyol zer gerta egon delako. Ez Abdek izan du taldea aurreratzeko abagunea, baina bisitarien atezainak ondo geratu dio baloia.

Errenta, Budimirren bidez

Osasunak argi izan du bigarren zatiko egitekoa: zelaiko nagusitasuna markagailuan islatzea. 55. minutuan lortu du hori, Ante Budimirrek egindako gol bati esker. Korner jaurtiketa bat aprobetxatuta ailegatu da neurketako gol bakarra. Motzean jokatuta, Ez Abdek erdiratu egin du baloia, eta aurrelari kroaziarrak buruz errematatu du baloia.

Hortik aurrera, partidak bide beretik segi du. Osasunak aukerak izan ditu errenta handitzeko, baina ez du asmatu. Alabaina, Espanyolen saialdiek estutu dute etxeko taldea, alde murritza tarteko, baina ezerezean geratu dira azkenerako: «Etxean bi partida eskas kateatu ostean, jendeak maila hau espero zuen, eta lortu dugu ematea», esan zuen Nacho Vidal gorritxoak, neurketa amaitu orduko. Hiru puntuak ederrak dira Osasunarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.