Zahar etxeak

Grebara deitu dute berriro Arabako zahar etxe pribatuetan

ELA eta  LAB sindikatuek hilaren 26rako eta 27rako egin dute lanuzterako deia, hitzarmena eskatzeko. Hilaren 25erako, berriz, mobilizaziora deitu dute.

Arabako zahar etxe pribatuetako langileen protesta bat. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 21a
10:17
Entzun

ELA eta LAB sindikatuek deituta, berriro joko dute grebara Arabako adinekoen egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Hilaren 26rako eta 27rako egin dituzte lanuzterako deiak; 25erako, berriz, mobilizatzera deitu dituzte langileak. Arabako hitzarmenaren negoziazioan patronalaren «blokeoa» salatu nahi dute protestekin, sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez. Hilaren 25ean elkarretaratzeak antolatu dituzte Ariñez, Mercedarias eta Gazalbide egoitzen atarian. Bi greba egunetan ere mobilizazio ugari egingo dituzte, tartean manifestazio bat eta auto karabana bat.

Egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetarako beharginek hiru urte baino gehiago daramatzate sektore horretako hitzarmen eske, «baldintza duinak» bermatzeko. Sindikatuek salatu dute sektoreko langileek «%100ean» jarraitzen dutela lanean, nahiz eta lanaldi luzeek eta ratioek sortzen dizkieten lan zamaren ondorioz gero eta baldintza okerragoetan ari diren. «Langileei gero eta zailagoa egiten zaie hilabete amaierara iristea», ohartarazi dute. Sektoreko lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa dela iritzi diote bi sindikatuek, eta patronalari urratsak egitea galdegin diote.

Sindikatuetako ordezkariek bilera bat izan zuten uztailean patronalarekin, eta hark negoziazioetan aurrerapausoak emateko konpromisoa hartu zuen. Salatu dute, ordea, oraino ez dutela urratsik egin. Urriaren 13an, negoziazio mahaia desblokeatzeko asmoz, bilera bat eskatu zioten Emilio Sola Arabako Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuari, eta joan den astean eskaera bera egin zioten patronalari, baina erantzunaren zain daude oraindik sindikatuak.

Sektore feminizatua da erresidentzietako langileena, eta hari balioa emateko eskatu dute ELAk eta LABek. «Behingoz, zaintza sektore horren lana egiteko baldintzak behar bezala arautzea eskatzen dugu, egoitza pribatuen eta hirugarren adinekoen etxebizitza komunitarioen sektoreko langileek betetzen duten funtsezko funtzioa duintzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.