Literatura

Irati Jimenezek jaso du saiakerako Euskadi saria, eta Koro Navarrok itzulpenarena

'Begiak zabalduko zaizkizue' saiakeragatik saritu dute Jimenez, eta Ernest Hemingwayren 'Fiesta. Eguzkia jaikitzen da' itzultzeagatik Navarrok. Edurne Portelak eta Teresa Maldonadok jaso dituzte gaztelerazko modalitateko sariak.

Irati Jimenez, bere liburuarekin. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko urriaren 21a
10:41
Entzun

Literatura orokorrean, eta euskal literatura zehazki. Hori da Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa batsaiakeraren muina (Elkar), eta ariketa hori saritu dio epaimahaiak. «Hipotesi ausartak» egitea txalotu dio Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik osatutako epaimahaiak. «Testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten. Aipagarria da irakurlea etengabe interpelatzeko egiten duen ariketa, honengan gogoeta sorraraziz. Liburuaren tonuak literaturarekiko pasioa, maitasuna eta grina transmititzen ditu, eta estilo aldetik landua eta pertsonala da».

Navarroren lanari dagokionez, lanaren indarra eta bizitasuna nabarmendu ditu epaimahaiak. Erein eta Igela argitaletxeek argitaratu dute Hemingwayren liburuaren itzulpena. «Nabarmentzekoak dira elkarrizketen tonu egokia, erregistroa eta ahotsen txandakatzeak nola jaso dituen, eta bestelako pasarte narratibo eta deskriptiboen jarraipen erosoa, prosaren soiltasuna, zehaztasuna eta eraginkortasuna». Aintzane Ibarzabalek, Idoia Gilleneak eta Idoia Santamariak osatu dute modalitate horretako epaimahaia.

Saritu guztiak emakumezkoak

Bilboko Bidebarrieta liburutegian aurkeztu dituzte gaur sarituak, eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua eta Andoni Iturbe sailburuordea izan dira ekitaldian, sarituekin batera. Eta datu historiko bat ere nabarmendu dute: Euskadi sariak banatzen hasi zirenetik, aurten, lehenengoz, emakumezkoak dira zazpi sarituak. Zupiria: «Beste norbaitek ere esana du nik baino lehen, baina urte batzuk pasatuta euskal literaturari, euskaraz eta gaztelaniaz egiten denari, atzera begirakoa egiterakoan, garai hauen ezaugarrietako bat izango dela emakumeen presentzia, eta emakumezkoek literaturari egiten dioten ekarpena».

Edurne Portela idazleak jaso du gaztelerazko literaturaren modalitateko Euskadi saria, Los ojos cerrados nobelagatik, eta Teresa Maldonadok gaztelerazko saiakerakoa Hablemos claro lanagatik. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek nabarmendu dutenez, gainera, Maldonado da gaztelerazko saiakera modalitatea irabazi duen lehen emakumezkoa.

Saritu guztiak emakumezko izateari buruz aritu dira saritutako idazleak ere euren hitzaldietan. «Aurten hori izango da goiburua», esan du Portelak. «Baina espero dut horrek azkar utziko diola goiburu izateari». Mugarritzat jo du sarituen zerrenda, ordea. «Kulturan gure presentzia normalizatzeko urte berezia izan daiteke». Eta bide bera hartu du Navarrok ere: «Nik gauzak orain nola dauden ikusita, hemen gure inguruan, eta gazteak nola dauden ikusita, uste dut urte batzuetarako, kulturan behintzat, badugula emakumezkoen nagusitasuna. Nik nahi nuke zazpi emakumek Euskadi saria irabazi izana ez azpimarratu behar izatea. Berria da, albistea da, eta inportantea da, eta ea bide honetatik normaltasunera jotzen dugun, nahiz eta komatxo arteko normaltasuna izan».

Euskadi sarien kontrako kritikak

Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat liburuagatik jasotako sariagatik eskerrak ematearekin batera, umorez, harridura ere azaldu du Jimenezek: «Ez nuen uste liburu honi buruz hitz egin beharko nuenik Euskadi sarietan, liburu honetan Euskadi sariak ere kritikatzen direlako».

2006an eman zuen argitara bere lehen liburua Jimenezek, Bat, bi, Manchester izenekoa (Elkar), eta beste nobela bat, hiru narrazio liburu eta bi saiakera kaleratu ditu geroztik. Esan duenez, ordea, orain arte sekula ez da Euskadi sarietarako hautagai izan. Eta prentsaurrekoan gogoratu duenez, Edorta Jimenez idazlea eta Irati Jimenezen aita aurten izan da hautagai lehenengoz, Nikole bijotzekua saiakeragatik. Eta, hain zuzen ere, aita izan du gogoan Irati Jimenezek hedabideen aurrean. Duela urte asko euskal hizkuntzak beste indar fundatzaile bat behar zuela esan zuela gogoratu du, eta zehaztu du bera ere ados dagoela aitaren ideia horrekin, eta neurri batean motibazio hori izan duela berak ere saritu berri duten saiakera idazterakoan. Aitak eskainitako «salduezintasun eredua» eskertu dio.

Pasioz idazten saiatu dela ere esan du Jimenezek, eta irakurleekin solasaldi bat izaten saiatu dela liburuan. «Solasaldi bat, gauza batzuk esateko, nahiago nituzkeenak ez esan. Idazleok gure artean zer mailataraino ibiltzen garen, batzuetan, kanguruen boxeoan bezala, elkarri mokoka, eta zer literatura hotza daukagun. Kooperazio falta dugula eta sektarismo askotatik gatozela. Ezin garela izan hasiberriekin hain hotzak eta beteranoekin are hotzagoak. Eta emakumeekin izan dugun krudeltasunari begiratu behar diogula, horrekin bakeak egin, eta nolabait aitortu. Eta, halere, literaturaren oso-oso aldeko liburu bat da, eta euskal literaturarekin maitemindutako idazle baten liburua. Irakurle baten liburu bat».

Saritu bakoitzak, 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 gehiago jasotzeko aukera izan dezake, lana jatorrizkoa izanez gero beste hizkuntza batera argitaratzen bada.

Sari banaketa Donostian

Aurreko astean jakinarazi zituzten aurtengo lehen hiru Euskadi sariak. Uxue Apaolazak jaso zuen euskarazko literatura modalitatekoa, Bihurguneko nasa liburuari esker; Barruko hotsak lanagatik jaso zuen Leire Bilbao idazleak euskarazko haur eta gazte literaturakoa, eta Maite Mutuberriak sortutako Irrimola artefaktuak, literatur lanaren ilustrazioaren kategorian.

Donostiako Tabakaleran egingo dute sari banaketa ekitaldi ofiziala azaroaren 24an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.