Euskal presoak

Donostiako Udalak «kezka» adierazi du Atristain berriz espetxeratzeagatik

EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren aldeko botoekin onartu dute adierazpen instituzionala. Ugaitz Perez euskal presoa baldintzapean aske geratu da.

Atristain espetxeratzearen aurkako mobilizazioa, aurreko astean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 21a
11:30
Entzun

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordeak «kezka» adierazi du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxe organoek hartutako ebazpenen aurka «behin eta berriro» aurkezten dituen errekurtsoen aurrean. Xabier Atristain preso donostiarraren kasua izan dute aztergai, eta EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren aldeko botoekin onartu dute adierazpena. PSE-EE, berriz, abstenitu egin da.

Ebazpen judizialek «merezi duten errespetua» aintzat hartuta, udal batzordeak eskatu du horiek bateragarriak izan daitezela espetxeetako tratamendu batzordeek hartzen dituzten erabakiekin. Hala, gradu progresioak eta espetxe baimenak «arau» izan behar direla uste du, «eta ez salbuespen». Izan ere, azaldu du espetxeetako tratamendu batzordeak direla presoen bilakaera «ondoen» ezagutzen dutenak.

Udal batzordeak gogoratu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilean ebatzi zuela Espainiak «prozesu justu eta ekitatezkoa» izatea eragotzi ziola Atristaini, inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzea galarazi ziolako. Hala, azaldu du «zegokion laguntza judiziala izan gabe eta torturak jasan zituela salatu ondoren» zigortu zutela Atristain, bere deklarazioan oinarrituta.

Atristain hirugarren graduan zegoen uztailetik, Martuteneko espetxeko tratamendu batzordearen eta Eusko Jaurlaritzaren oniritziarekin. Aurreko ostiralean, ordea, berriz espetxeratu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala aginduta.

Giza Eskubideen Batzordeak gaineratu du auzitegiek bigarren aldiz galarazi dutela Atristainek zigorra erdi askatasuneko erregimenean betetzea: «Martuteneko espetxeko tratamendu batzarrak birritan helarazi dio Espetxeetako Administrazioari, berrets zezan, Xabier Atristaini hirugarren gradua ezartzeko eta baldintzapeko askatasuna emateko –eskumuturreko telematikoarekin– proposamena».

Ez da Donostiako udal taldeek antzeko adierazpen bat egiten duten lehen aldia. Ekainean, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak adierazpen instituzional bat plazaratu zuten. Testu hartan, salatu zuten Espainiako Auzitegi Gorenak Estrasburgoko epaia aintzat ez hartzea «erabaki arbitrario bat» dela, «ziurgabetasun juridiko sakona» sortzen duena. Izan ere, bi aste lehenago, Auzitegi Gorenak Atristaini ezarritako zigorra berriro ez aztertzea erabaki zuen, eta hura espetxeratzeko agindu. Kasu hartan, euskal presoa aske zegoen, otsailaren 17tik; Auzitegi Nazionalak agindu baitzuen libre uztea, Estrasburgoko auzitegiaren epaiari men eginda.

Perez, baldintzapean aske

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Ugaitz Perez preso galdakoztarra (Bizkaia) baldintzapean aske geratu da, hogei urteko espetxealdia beteta. Perez 2021eko maiatzean gerturatu zuten Basauriko espetxera (Bizkaia), eta aurtengo otsailean aldatu zuten hirugarren gradura. Hala, azken hilabeteetan etxean bete du zigorra, kontrol telematikoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.