GERRA UKRAINAN

Ukrainako Gobernuak herritarrei eskatu die elektrizitatea «arduraz» erabiltzeko

Argindarraren erabilera 17:00etatik 23:00etara mugatuko dute Kiev, Txernihiv, Txerkasi eta Zhitomir oblastetan, bestek beste. Ukrainaren arabera, Errusiak 2.000 soldadu bidali ditu Kherson eskualdera; irailean anexionatu zuen.

Ukrainako familia bat, etxeko argiak itzalita dituela, atzo, Kieven, Ukrainan. SERGEY DOLZHENKO / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 21a
12:43
Entzun

Errusiako indarrak «erasoaldi masiboak» egiten ari dira azken egunotan Ukrainako «instalazio militarrak eta energia azpiegiturak» hondatzeko asmoz. Hain zuzen, Ukrainako Energia ministroak emandako azken datuen arabera, Errusiako armadak hirurehun aire eraso baino gehiago egin ditu herrialdeko azpiegitura elektrikoen aurka urriaren 10etik, eta, orotara, zentral elektrikoen herenak «suntsituta» daude. Hori dela eta, Ukrainako Gobernuak neurri zorrotzak hartu behar izan ditu energia kontsumoa %20 murrizteko asmoz. Zehazki, elektrizitatearen erabilera 17:00etatik 23:00etara moztuko dute, Kiev, Txernihiv, Txerkasi eta Zhitomir oblastetan, bestek beste. Horrez gain, Ukrainako eskualdeko gobernadoreek herritarrei eskatu diete elektrizitatea «arduraz» erabiltzeko. «Horri esker, itzalaldiak saihestu ditzakegu», esan du Kiev probintziako buru Oleksi Kulebak.

Horrekin lotuta, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Moskuri leporatu dio Errusiako armadak zentral hidroelektriko bat «suntsitzeko» asmoa duela Khersonen, Errusiako Federazioak irailean anexionatu zuen lurraldeetako batean. Ukrainako iturrien arabera, Errusiako indarrek «minaz» inguratu dute Kakhovkako zentral hidroelektrikoa. «Azpiegitura suntsitzen badute, horrek uholdeak eragingo ditu Dnieper ibaiaren hegoaldeko inguruetan; hondamendi latza izango litzateke», ohartarazi du Mikhailo Podoliak Zelenskiren aholkulariak.

Gerra frontean, borroka latzak izan dira azken orduotan Kharkiven eta Zaporizhia eta Kherson oblastetan. Azken horretan, zehazki, Ukrainako armada kokaleku gehiago berreskuratzen ari da, eta, kontraeraso horri aurre egiteko, Errusiak 2.000 soldadu bidali ditu okupatuta duen lurraldera, Ukrainako Indar Armatuen Estatu Nagusiak gaur igorritako txostenaren arabera.

Khersongo egoera militarra «tentsio handikoa» dela eta, zibilak Errusiara lekualdatzen hasiak dira; 60.000 pertsona Dnieper ibaian itsasontziz eramateko asmoa dute. Bada, Kremlinek Khersonen ezarritako buruzagi Kirill Stremousovek salatu duenez, Ukrainako tropek lau zibil hil dituzte, Dnieper ibaiaren gaineko Antonivskiko ibaia bonbardatu ostean. Reuters agentziak jaso du albistea. Oblast horretako Ukrainako gobernadoreak, berriz, jakinarazi du Errusiako armadak sei pertsona zauritu dituela Kharkiv hiriko azpiegitura industrial baten aurkako oldarraldian.

Israel, kezkatuta

Errusiak Ukrainari eraso egiteko ustez erabilitako Irango «drone suiziden» harira, Israelgo lehen ministro Yair Lapidek atzo ohartarazi zuen «arrisku globala» izan dezakeela Moskuren eta Teheraren arteko lankidetza militarrak. «Errusiaren eta Iranen arteko harremanak ez dio Israeli bakarrik eragingo, baita Ukrainari, Europari eta mundu osoari ere», adierazi zion Lapidek RTVI telebista kateari, The Times of Israel egunkariak jaso zuenez.

Bestalde, Errusiako behe ganberako diputatu batek gaur jakinarazi duenez, 10.000 errusiar etxera itzuli dira, Vladimir Putin Errusiako presidenteak irailaren 21ean 300.000 soldadu inguru Ukrainara borrokatzera bidaltzeko dekretuz egindako zitazio militarren «hutsegiteengatik». Aste honetan, gainera, behe ganberako presidente Viatxeslav Volodinek ziurtatu zuen bertan behera utzi zutela familia ugariko 9.500 gurasoen mobilizazioa, 16 urtetik beherako hiru seme-alaba edo gehiago dituzten pertsonentzako bazterketa jarraibideen aurka zitatu zirelako. «Mobilizatutako horiek beren unitateetatik kendu eta etxera bidali zituzten», zehaztu zuen Volodinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.