Txina

Xiren boterea sendotzeari bide eman dio Alderdi Komunistak

Presidentea alderdiburu izendatuko dute bihar beste bost urterako, eta bihar jakinaraziko dute baita ere gainerako agintari gorenak nortzuk izango diren. Aurpegi berri ugari izango dira horien artean. Hu presidente ohia aretotik atera dute.

Xi Jinping Txinako presidentea, joan den igandean, Txinako Alderdi Komunistaren kongresu hasieran. XINHUA, YAO DAWEI, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urriaren 22a
16:30
Entzun

Txinako Alderdi Komunistaren kongresuak helburu argi bat zuela iragarri zuten analistek: Xi Jinping herrialdeko presidentearen koroatzea. Eta, gaur, kongresua amaituta, esan daiteke helburu hori bete duela. Alderdiak aldaketa sakona egingo du bere organorik boteretsuenean, Kongresuak gaur hautatu duen Komite Zentralaren osaketak islatzen duenez. Horrek aukera emango dio Xiri Komite Iraunkorraren Politburoan —aginte organo gorenean— aliatu berriak kokatzeko. Gainera, hirugarrenez izendatuko dute alderdiko idazkari nagusi, eta, hala, herrialdeko agintaririk boteretsuena bihurtuko da, Mao Zedongen garaitik.

Politburoan kargua utziko dutenen artean dira Li Keqiang Txinako lehen ministroa eta Wang Yang alderdiaren aholkularitza organoko burua. Biak gelditu dira 205 kideko Komite Zentraletik kanpo, eta, beraz, ezin izango dira hautatuak izan Komite Iraunkorraren Politburorako. Li eta Wang ez dira Xiren hurbilekoak, eta espero da horiek presidentearen gertuko bi agintarik ordezkatuko dituztela. Liri eta Wangi itzal handia aitortzen zaie Gaztedi Komunistaren Ligan. Gazte erakundeak izan du pisua alderdian, baina Xiren agintaldian eragiteko ahalmena galdu du, hainbat analistaren iritziz.

Aginte organo gorenetik kanpo geldituko dira baita ere Li Zhanshu eta Han Zheng, beste bost urterako hautatuak izateko gehienezko adina gainditu dutelako. Horrenbestez, gutxienez lau kide berri izango ditu Politburoak. Historikoki, bost eta 11 kide artean izan ditu. Egun, zazpik osatzen dute; Xik bera tartean.

Kongresuak alderdiaren estatutuen gaineko zenbait emendakin onartu ditu, bestalde. Horien bidez, indartu egin du Xik alderdi barruan duen «estatus zentrala», haren ideia politiko nagusiak «sakon ulertzeko» eskatu die alderdiak bere 96 milioi afiliatuei eta horiek «alor guztietan ezartzeko». Emendakinetako batean jaso dute baita ere alderdiaren «borrokarako izpiritua garatzea, borrokarako gaitasuna indartuta». Txinak atzerri politikan azken urteetan erakutsi duen jarrera aldaketarekin bat dator azken aipamen hori. Horrez gain, Taiwani buruzko aipamen bat gehitu du kongresuak. Alderdiko militanteei dei egin die uhartearen independentziaren aldekoei «aurre egitera» eta horiek «geldiaraztera».

Ezustekoa Hu presidente ohiarekin

Kongresuak azken asteko keinu politikoak zaindu ditu, koreografia politiko zehatz bati jarraituz. Gaur, ordea, azken saioan, areto nagusitik atera dute Hu Jintao Txinako presidente ohia —Xiren aurretik karguan izan zena—. Sare sozialetan zabaldu diren irudietan ikus daiteke, Huk ez zuela bere aulkia utzi nahi, eta aretotik atera duenak tira egin diola besotik berarekin joan zedin, Xi eta alderdiko agintari nagusiak begira zituela.

Alderdi Komunistak ez du azalpen ofizialik eman gertatutakoari buruz, baina Xinhua Txinako albiste agentziak adierazi du ondoezik zegoelako atera dutela aretotik. «Ez zen ondo sentitzen, eta bere laguntzaileek beste gela batera eraman dute deskantsatzera». Xinhuaren azalpenen aurretik, Mendebaldeko hedabide askotan berehala ugaritu dira Huren irudiak purga politiko batekin lotu dituzten interpretazioak. Horien arabera, presidente ohia boteretik urruntzeko keinua izan da, bera delako alderdiko goi karguen artean liberalena eta Mendebaldeko herrialdeekin «harreman pragmatikoak» sustatzearen aldeko jarrera irmoen babesten duena. Nabarmendu dute Hu Xiri zuzendu zaiola aretoa utzi aurretik, eta presidente ohiak haren hurbilekotzat jotzen duten Liri ere zerbait esan diola segidan. Hu ondoezik zegoelako atera izanaren aukera ere aipatu dute beste hedabide askok.

Erronkak

Zailtasun ekonomikoei aurre egitea izango da Xik bihar hasiko duen agintaldiak izango duen lehen erronka handia. Urtearen bigarren hiruhilekoan hutsaren hurrengoko hazkundea izan du herrialdearen barne produktu gordinak, eta hirugarren hiruhilekorako ere datu apalak espero dira. Estatistiken estatu institutuak datu horien argitaratzea atzeratu du.

Dena den, Txinak dituen oztopoek ez dute lortu Xiren agintea higatzea. Hazkunde ekonomikoa moteldu arren, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko «zero kutsatze politikak» herritarrengan nekea eragin badu ere, eta Txina Mendebaldearekin geroz eta tentsio handiagoko harremanean egonagatik, presidenteak estuago helduko dio bihartik aurrera aginte makilari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.