Osasungintza

Eskatu dute Osasun Publikoaren legeak sexu eta ugalketa eskubideak berariaz jaso ditzala

Emaize zentroko eta Sedra federazioko kideen ustez, Jaurlaritzaren legeak modu «zehatzagoan» jaso beharko lituzke sexu eskubideak.

Emaize eta Sedrako kideak, gaur, Osasun batzordean. EUSKO LEGEBILTZARRA
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 24a
12:20
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren Lege proiektuaren 64. artikuluak aipamen txiki bat egiten die sexu eta ugalketa eskubideei. Osasuna sustatzeko jarduerak arautzen dira hartan, eta, besteak beste, artikulu horren atal batek dio administrazio publikoen egitekoa izango dela «planak eta programak garatzea sexu eta ugalketa osasunaren arloan». Emaize sexologia zentroko eta Sedra familia planifikaziorako federazioko kideek uste dute aipamen hori ez dela aski. Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean izan dira gaur bi taldeetako kideak, eta han plazaratu dituzte lege proiektuari buruzko kezkak.

«Lege honek berariaz aitortu beharko lituzke emakumeen sexu eta ugalketa eskubideak», Miranda Villa Emaizeko arduradunak adierazi duenez. Haren ustez, arauak zehatzagoa beharko luke osasun eskubide horien inguruan. Alde horretatik, Kataluniako eta Valentziako osasun legeak eredutzat jo ditu Villak, modu zabalagoan jorratzen baitituzte eskubideok.

Sexu eta ugalketa eskubideak bermatze aldera, Osasun Publikoaren legeak jaso beharko lituzkeen atalak aletu ditu Ana Ramirez de Okariz Emaizeko kideak. Besteak beste, aipatu du legeak modu «integralean» jorratu beharko lukeela sexu hezkuntza. Era berean, azpimarratu du indarkeria matxista prebenitzeko tresnak aurreikusi beharko lituzkeela, eta indarkeriak berak sexu transmisiozko infekzioak areagotzen dituenez, gaixotasun horien arta ere aintzat hartu beharko lukeela. Arreta sexologikoari ere atal bat eskaini beharko lioke legeak, eta zerbitzu horiek sare publikoan txertatu beharko lirateke, Ramirez de Okarizen aburuz. Horrez gain, lehentasuntzat jo du antisorgailuak eskuratzeko zerbitzuak «talderik zaurgarrienen» esku jartzea ere, eta eskatu du indarkeria obstetrikoari aurre egiteko protokoloak eguneratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.