Gernikako Estatutua

Autogobernua «ez da trukerako txanpon bat», PSErentzat

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Gernikako Estatutua defendatu du haren 43. urteurrenean, «kohesiorako tresna» delako.

Eneko Andueza, gaurko ekitaldian, Gasteizen. AMAYA DIAZ-ENPARANZA / EFE
xabier martin
2022ko urriaren 24a
12:59
Entzun

PSE-EEk Gernikako Estatutuaren 43. urteurrena ospatu du, eta Eneko Andueza alderdiko idazkari nagusia haren alde aritu da, autogobernua ez delako, haren arabera, «erauzitako eskuduntzen batura bat edota trukerako txanpon bat». PSEk uste du estatutua «kohesio tresna» gisa ulertu eta defendatu behar dela. Anduezarentzat, «herritarren arteko ituna da», eta, hari esker, «nortasun desberdinak kudeatzen dira». «Euskadi ongizate estatu baten gisan» aritzeko oinarria da estatutua, era berean, PSEko buruarentzat.

1979ko urriaren 25ean onartu zuten Gernikako Estatutua, eta haren 43. urteurrena Beti bidean lelopean ospatu du Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdi bietako batek, PSE-EEk, Villa Suso Jauregian, Gasteizen.

«Denon etxea da estatua, nortasun desberdinen zaindaria. Euskal sozialistentzat ez da bakarrik administrazio zentralari erauzitako eskuduntzen batura bat. Ez da trukerako txanpon bat, ezta desberdintzeko aldagaia ere, kohesiorako tresna bat baizik», esplikatu du Anduezak. Gaineratu du Gernikako Estatutua dela «elkarren arteko aitortza bat desberdintasunean».

Estatutua idatzi, sustatu eta defendatu

Andueza hizlari nagusi izan duen ekitaldian, PSEko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkari nagusiak egon dira: Cristina Gonzalez, Mikel Torres eta Jose Ignacio Asensio. Halaber, han izan dira Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariordea eta Iñaki Arriola eta Javier Hurtado kontseilariak. «Harrotasunez esan dezakegu alderdi bakarra izan garela Gernikako Estatutuarekin egon dena hasieratik», aldarrikatu du Anduezak; «bakarrik guk esan dezakegu haren idazkuntzan, onartzeko sustapenean eta etengabeko defentsan aritu garela». Beste alderdiei erreparatuz, azalpenekin jarraitu du Anduezak: «Beste batzuek ez zuten idazkuntzan parte hartu edo ez zuten hura onartzeko sustapenean parte hartu, edo abandonatu egin zuten beste bide batzuetan hasteko, elkarbizitzaren itunetik urrun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.