Euskal presoak

Iñaki Esparza deklaratzera deitzeko baimena eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Frantziari

ETAk Santa Polan egindako atentatu baten harira ikertzen ari dira euskal presoa.

Manuel Garcia Castellon epailea, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 24a
13:04
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek Iñaki Esparza euskal presoa deklaratzera deitzeko baimena eskatuko dio Frantziari. ETAk 2002an Santa Polan (Herrialde Katalanak) egindako atentatu batekin lotuta ari da hura eta beste bost euskal herritar ikertzen. Esparza Lannemezean (Okzitania) dago preso, eta, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, espetxe hartatik deklaratuko luke, bideokonferentziaz.

Esparzarekin batera, Mikel Albisu, Ramon Sagarzazu, Jon Olarra, Ainhoa Mujika eta Marixol Iparragirre ere ikertzen ari da Auzitegi Nazionala. Lehen biek hilabete hasieran deklaratu zuten epailearen aurrean. Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek Albisu eta Sagarzazu behin-behinean espetxeratzeko eskatu zuten, baina epaileak baztertu egin zuen aukera, argudiatuta aukerarik ez dagoela frogak ezabatzeko edo delitua berriz egiteko. Halere, kautela neurriak ezarri zizkien. Albisuren kasuan, besteak beste, Espainiako estatutik ateratzea debekatu dio.

Gainerakoak preso daude, Zaballako kartzelan (Araba). Iparragirre hilabete hasieran deklaratzekoa zen, baina ez zuen deklaratu. Olarrak eta Mujikak, berriz, uko egin zioten. Haiek beste auzi bategatik Espainiaratu zituzten, eta Auzitegi Nazionalak Frantziaren baimenak beharko luke haiek deklaratzera deitzeko.

Dignidad y Justicia elkarteak jarritako salaketa bat zela medio, Garcia Castellonek martxoan erabaki zuen ETAk 2002ko abuztuan eginiko atentatuari buruzko ikerketa berriro zabaltzea, sei euskal herritarrek harekin loturarik izan ote zuten ikertzeko. Guardia Zibilak epaileari aurkeztutako txostenaren arabera, «litekeena da» atentatua «Batasuna legez kanporatzeko prozesuari aurre egiten saiatzeko presio neurri bat izatea», eta hura ETAren buruzagitzak agindu izana. Era berean, ebatzi du sei kideak zuzendaritza haren parte zirela.

Erasoa 2002ko abuztuaren 4an egin zuen ETAk Guardia Zibilaren kuartel baten aurka, eta bi pertsona hil ziren: gizonezko bat eta haur bat. Auzia ikertu zuten, eta bi lagun kondenatu zituzten 2012an, baina epaileak ebatzi du auzia berriro irekitzea dagokiola; Olarra, Mujika, Esparza, Albisu, Sagarzazu eta Iparragirre garai horretan ETAko zuzendaritzan zeudelakoan, horiek izan dezaketen erantzukizuna ikertu nahi du epaileak.

Azken hilabeteetan Auzitegi Nazionalak prozedura bat abiatu du: ETAren atentatu batzuen ikerketa berriro zabaltzea, horien egiletza intelektuala eta garai horietan ustez ETAren zuzendaritza osatzen zutenen erantzukizuna argitzeko. Hala egin dute Miguel Angel Blanco eta Gregorio Ordoñez PPko kide zirenen hilketekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.