Myanmarko gatazka

Gutxienez 60 pertsona hil dira Myanmarko junta militarraren bonbardaketan

KIA Kachinen Independentziarako Armadaren urteurrenaren harira antolatutako kontzertua bonbardatu du Myanmarko junta militarrak. NUG Batasun Nazionaleko Gobernuak «hilketa masibo bat» egitea leporatu dio juntari.

Kachin etniako kideak Batasunaren Egunaren 75. urteurreneko zeremonian, Naypyitawen (Myanmar). STRINGER / EFE
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 24a
14:41
Entzun

Akordeak bonba hotsekin nahastu ziren bart Myanmarko Kachin eskualdean. KIA Kachinen Independentziarako Armadaren 62. urteurrenaren omenez antolatutako kontzertuari eraso egin zion Myanmarko junta militarrak. Gutxienez 60 pertsona hil ziren, eta, Kachin News egunkariaren arabera, ehunka zaurituk oraindik ez dute osasun laguntzarik jaso, armadako kideek bonbardaketaren ingurua itxi baitute.

«Ez dugu eraso bortitz hau inoiz ahaztuko, eta ordaindu egingo dute», egin du mehatxu kontzertuan zegoen musikari batek. Kachin etniako kideek osatzen dute KIA mugimendua, eta hamarkada luzez borrokatu dira Myanmarko armadaren aurka. Halaber, bat egiten dute junta militarraren aurkako erresistentzia taldeekin.

Myanmarko NUG Batasun Nazionaleko Gobernuak jakinarazi du junta militarrak lau hegazkin erabili zituela erasoa egiteko, eta «beste hilketa masibo bat» egitea leporatu dio juntari.

Junta militarrak 2021eko otsailaren 1ean eman zuen estatu kolpea. Indarrez hartu zuen herrialdeko agintea, 2020ko azaroan egindako hauteskundeen emaitzak arbuiatu ostean. Ordutik, erresistentzia taldeen, herritarren eta aurreko agintaldiko ekintzaile zein arduradunen aurkako eraso ugari egin dituzte.

Myanmarko AAPP Preso Politikoen Laguntzarako Elkartearen arabera, 2.400 herritar inguru hil dira errepresio militarraren ondorioz, eta gutxienez 15.000 lagun atxilotu dituzte estatu kolpea eman zutenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.