Merkataritza

Dendartean: «Txikiek irauteko beste zangotraba bat da Ticket Bai»

Kate handien aldean «desabantailan» daudela azpimarratu dute. «Jakina da saltoki txikietan ez dagoela iruzur fiskalik», dio dendarien elkarteak.

Dendartean elkarteko kideak Gipuzkoako Foru Alundiaren aurrean eginiko protesta, igandean. DENDARTEAN
jokin sagarzazu
2022ko urriaren 24a
16:46
Entzun

Datorren asteartean Gipuzkoako 12.000 denda, taberna eta ostatu Ticket Bai fakturazio sistema hasiko dira erabiltzen, aurretik beste zenbait sektoretako autonomo batzuek egin duten moduan.

Dendartean elkarteak data hori atzeratzeko eskatu dio beste behin Foru Aldundiari. Ohartarazi duenez, neurriak kezka eta ezinegona eragin die dendariei, negozio batzuen etorkizuna kolokan jartzeraino. «Saltoki txikiaren iraupena jokoan dagoen egoera batean, gure egoera hobetzeko bitartekoak jarri beharrean, beste zangotraba bat jarri digute, handiei mesede eginez», adierazi du Dendartean-ek astelehen honetan komunikabideetara bidaliko ohar batean.

Elkarteak 2.600 kide ditu, eta haietako asko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean bildu ziren atzo, protesta egiteko, Ticket Bai, horrela ez lelopean.

Fakturazio sistema berriarekin iruzur fiskala saihestu nahi du aldundiak, baina, Dendartean-en arabera, «benetako» helburua hori izango balitz, saltoki handiak eta Internet bidez saltzen duten plataformak ere behartu beharko lituzke horretara, eta ez da horrela. Soilik egoitza fiskala Gipuzkoan duten negozioek erabiliko dute Ticket Bai. «Jakina da saltoki txikietan ez dagoela iruzur fiskalik, eta kate handiak txikiek baino askoz zerga gutxiago ordaintzen dituztela, bai Europako paradisu fiskaletan egoitza dutelako, bai beren neurrira egindako lege sistema bat dutelako».

Handiekiko «desabantailan»

Dendartean-eko kideek uste dute saltoki handien aldean «desabantailan» daudela eta aldundiak «fiskalitate zuzentzaile bat» ezarri beharko lukeela, «horretarako gaitasuna baduelako». «Baina autonomia fiskalak esan nahi du kanpoko enpresa handiak guk baino zerga txikiagoekin instalatzen direla eta saltzen dutela hemen, ezer egin gabe. Bertako enpresarioi baldintza okerragoak ezartzen zaizkigu, besteak beste, kanpokoei eragiten ez dien Ticket Bai fakturazio sistema».

Dendarten-eko kideek nabarmendu dutenez, haiek ez daude fakturazio zorrotzago baten kontra, baina aldundiaren jokabidea eta Ticket Bai sistema kritikatu dute, besteak beste, teknikoki zailtasunak dituelako eta askok kanpoko profesionalen lana kontratatu behar izan dutelako, inbertsio handiak egin behar izan dituztelako, eta akatsen bat eginez gero isun zorrotzei aurre egin beharko dietelako. Aldundiak emandako laguntza teknikoa eta ekonomikoa oso eskasa izan dela azpimarratu dute. «Ticket Bairen bidez kostu gehiagotara behartzen gaitu, okupazio denbora gehiagora, segurtasunik ezera eta datuen lagapenera eta software hornitzaileekiko erabateko mendekotasunera, horrek esan nahi duen guztiarekin».

Horiek hala,Ticket Bai sistema dendetan ezartzeko eguna atzeratzeko eskatu dute, «plan egoki bat» egiteko. Gogoratu dute Bizkaian eta Araban ere jarriko dutela martxan antzeko sistema bat, baina atzeratu egin dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.