Animazioa euskaraz

Haurrentzako marrazki bizidun digitalak sortu dituzte euskaraz: 'Loa eta Laia'

Proiektua 2 eta 7 urte bitarteko umeentzat egina dago, eta helburu du musikara zaletzea eta balioak transmititzea. Bi neska musikari dira protagonistak.

Proiektuko lan taldea, gaur goizean, Bilboko Euskararen Etxean, aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA, FOKU
amaia igartua aristondo
2022ko urriaren 25a
13:54
Entzun

Alabekin batera ikusten zituen marrazki bizidunak ez zitzaizkion «eredugarriak» iruditzen Josu Bergara publizista eta musikariari, eta bestelakoak egitea erabaki zuen. Bi urteren ondoren, lehen hauspo horretatik proiektu bat sortu da: Loa eta Laia. Bi neska musikari ditu protagonista saioak, euskaraz eginda dago, eta helburu «didaktikoa» ere badu, Bergarak azaldu duenez gaur goizean Bilboko Euskararen Etxean egindako prentsaurrekoan: publiko jakin bati bideratuta dago, 2 urtetik 7ra bitarteko haurrei, eta horiek musikara zaletzea eta balioetan heztea du jomuga.

Atal bakoitzak balio bat izango du oinarrian, eta abesti bana egingo dute propio. Musika estilo ugaritara joko dute, kanta «modernoak eta berritzaileak» egiteko: hala nola rocka, popa, folka, rapa, bluegrassa, reggaea eta jazza uztartuko dituzte. Bergarak berak taxutuko ditu abestiak; Ane Martinezek eta Leire Apariciok abestuko dituzte —Loaren eta Laiaren ahotsak dira, hurrenez hurren—, eta Nerea Alberdi eta David Sanchez Damian arduratuko dira musikaren moldaketaz eta produkzio artistikoaz. Paul Caballero ilustratzaileak landu ditu arlo grafikoa eta artistikoa. Hilean saio bat argitaratzeko asmoa dute, eta Loaetalaia.eus atalean ikusi ahalko dira bideoak, baita askotariko sare sozialetan ere: Youtuben, esaterako.

«Umeek behar dute produktu bat kalitatezkoa, euskarazkoa eta modernoa», Bergararen irudiko, baina, haren hitzei erreparatuta, ekoizpen gutxik betetzen dituzte ezaugarriok. «Aukera asko daude, baina gehienak ez dira Euskal Herrian egindakoak, ez dituzte kontuan hartzen bertoko kultura, ohiturak eta testuingurua». Loa eta Laia-k, berriz, Euskal Herriko gaiak landuko ditu; Gau Beltza jorratu dute aurrenekoan. «Historikoki, Euskal Herrian ospatu izan da. Orain, kultura anglosaxoiaren eraginez, beste oihartzun bat dauka. Haren aldarrikapen bat ere bada». Hiru minutu inguruko bideoan, kalabazak agertzen dira, baina baita argizaiolak, gaztainak eta trapu zaharrak ere, euskal tradizioari lotutako elementuak. Abenduan, euskara izango dute hizpide. Eta, bideoez gain, bestelako edukiak ere zabalduko dituzte.

«Gure haurrentzat egindako marrazkiak dira, eguneratuak, gaur egungo gatazka eta bizipenetara egokitutakoak», adierazi du Martinezek. Izan ere, musikariak ez ezik, irakasleak ere badira bera eta Aparicio —ondo ezagutzen dituzte adin horietako haurrak—, eta adierazi dute halako sorkarien «beharra» ikusten zutela.

Protagonista «apurtzaileak»

Gai jakin batzuk ez ezik, mundu ikuskera bat ere transmititzeko asmoa du proiektuak, Bergarak nabarmendu duenez. Besteak beste, berdintasunean oinarritzen dira marrazkiak. Eta protagonistetan euretan ere islatzen da irizpide hori. Bi neska gazte dira, musika banda bateko kideak, eta emakume «apurtzaileak eta gogorrak» dira, sortzailearen arabera. «Marrazkietan erakutsi ohi ez dituzten modukoak».

Ile arrosa du Laiak, eta berdea Loak. Eta musika taldea beste hauek osatzen dute: Nikok —ile laranja du, eta praka arrosak— eta Qiangek —gurpil aulkian doa—. Koloreak ere ez dira ausazkoak, Caballerok azaldu duenez. «Bakoitzak bere janzkera eta izaera ditu, eta koloreekin ere berdintasuna islatu dugu: koloreak guztienak dira». Irudi sinpleetara jo du ilustratzaileak. «Marra apurtzen ausartu naiz, dinamismoa eta punk izaera emateko». Zerbait «erakargarria eta ikusteko sinplea» sortzea zuten helburu, Bergarak gaineratu duenez.

Proiektua Bergarak eta Caballerok osatutako Paraxut ekoiztetxeak ordaindu du, nagusiki; hau da, sustatzaileek eurek finantzatu dute proiektua, eta euren denbora librean garatu dute. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso dute, eta musikaren zati bat ordaintzeko erabili dute. Eta online denda bat irekitzeko asmoa ere badute. «Animazioa oso garestia da», argitu du Bergarak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.