Sekretu Ofizialen Legea

Estebanek Madrili leporatu dio «azpikeriaz» jokatzea Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektuarekin

Estebanek uste du Informazio Klasifikatuen Legea onartzen bada PSOEren eta PPren arteko akordio bati esker izango dela

Aitor Esteban, atzo, Donostiako Okendo kultur etxean. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 25a
16:49
Entzun

Sekretu Ofizialen Legearen «eguneraketa» bat besterik ez da Espainiako Gobernuak aurkeztutako Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua. Hala uste du EAJk Espainiako Kongresuan duen eledun Aitor Estebanek. Hark PSOEri kritikatu dio aldaketarako aukera bat galdu izana, ez delako ausartu urratsa ohiko bazkideekin eta PPren babesik gabe egiten. «Dena aldatu, ezer ez aldatzeko», horrela definitu du Estebanek Moncloaren aurreproiektua.

Goldatu elkarteak antolatutako hitzaldian, EAJren bozeramaileak esan du ez duela argi legealdia amaitu aurretik lege berria onartuko ote den, 2023ko maiatzean eta urte bukaeran hauteskundeak egingo baitira: «Inork ez du nahiko hauteskunde betean hau aldatu». Hala, uste du egitekotan egungo terminoetan edo antzekoetan egingo dela, PSOEren eta PPren arteko akordio bati esker. Eta hori «osoko zuzenketa bat aurkezteko moduko» testua litzateke.

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek Pegasus auziak eragindako harrabotsaren erdian jakinarazi zuen 1968ko lege frankista aldatzeko asmoa. Aurkeztutakoa, baina, «azpikeriaz eta gauez» egindako proposamena dela uste du Estebanek. Urteetako geldiunearen ostean, «urgentziaz» atera zuten aurreproiektua, abuztuko lehen astea soilik emanik proposamenak aurkezteko.

Jeltzaleak azaldu duenez, Espainiako Defentsa Ministerioa izan zen mugitzen lehena, eta EAJrekin ere tratatu zuen gaia. Haren proposamenak, baina, ez zituen Estebanen espektatibak bete, besteak beste legedi konplexuago baten alde egin zutelako. Horren lekuko da ezarritako kategoria eta epe sistema. Estebanen ustez, zabalegia; besteak beste, 50 urteko epeak zehazten ditu goi mailako sekretuak desklasifikatzeko, horiek hamabost urtez luzatzeko aukerarekin.

Ez da, baina, konpondu gabe geratuko den arazo bakarra. Jeltzalearen esanetan, aurreproiektuak ez du aldatuko dokumentuak klasifikatzeko modua; ez, behintzat, dokumentuak ezkutu eta mugatu gisa kalifikatzeko. «Broma bat da. Autoritate zerrenda amaiezina da, eta gainera delegatu dezakete», salatu du, erabakia hartu dezaketen langile publiko kopuruari erreferentzia eginda.
Era berean, salatu du aurreproiektuak, bere orokorkerian, «edozer» klasifikatzeko aukera ematen duela: «Ez dago tasatuta zein diren sekretu gisa deklaratu daitezkeen gaiak. Eskuak libre dituzte». Hala, kritikatu du zenbait gairekin zerikusia izate hutsak informazioa ezkutatzeko bide ematen duela, eta horrek, besteak beste, dokumentuak pilatzea eragin duela.

Argiari iluna

Arazoak klasifikatutako dokumentuen nolakotasunetik haratago doaz. Izan ere, Estebanek azaldu duenez, haiek sekretu deklaratzeko akordioak ere sekretuak dira: «Beraz, ez dakizu zer ezkutatzen den». Horrek zaildu egingo luke, esaterako, norbanako bati lotutako dokumentuen klasifikazioa galaraztea.

Antzera gertatzen da iraganean klasifikatutako dokumentuak desklasifikatzeko prozesuarekin ere. Interes zuzena duten pertsonei dokumentuak desklasifikatzeko eskaerak egiteko aukera eman arren, ezinbestekoa litzateke dokumentu zehatza eskatzea. «Baina, zuk nola dakizu zerbait klasifikatuta dagoela?», galdetu du Estebanek. Hala, lege berria onartu aurretik sailkatutako dokumentuek argia ikusteari trabak jarriko lizkioke testuak berak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.