Bero oldea

Tenperaturak 30 graduraino igoko dira bihar eta etzi Euskal Herrian

Haize bolada handiengatik alerta laranja ezarriko du gauerditik aurrera Eusko Jaurlaritzak

Haizearen eragina Gasteizo Arriaga parkean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 26a
13:44
Entzun

Urria: hostoak erortzen hasten diren urtaroa, sutondoan sasoiko lehenbiziko gaztainak jaten diren momentua, eta botek udako sandaliak ordezkatzen dituzten garaia. Aurten, bada, apur bat itxaron beharko da termometroen jaitsierak dakarren goxotasunaz gozatzeko. Izan ere, Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoaren erranetan, bihar eta etzi termometroak 30 graduraino igoko dira Euskal Herriko txoko batzuetan, batez ere isurialde atlantikoan. Gaueko tenperaturak ere ez dira urrun ibiliko, 20 graduren bueltan kokatuko baitira. «Gauean, hego haizearekin jarraitzen dugunean, ez du freskatzen», nabarmendu du Salazarrek.

Aunitzendako udaren luzapen ezohikoa albiste pozgarria bada ere, udazkenerako tenperatura horiek ez dira ohikoak. Salazarren erranetan, «depresio guneak atlantikoan daude, eta, hor kokatuta egonda, gurean hego haizean dago». Gainera, Europan dagoen «antizikloi sendoak» ez du uzten depresio hori asko mugitzen. Euri falta hori bada larrialdi klimatikoaren ondorioetako bat; aurtengo udan, idortea Euskal Herriko arazo nabarmenetako bat izan da.

Nafarroan, adibidez, Esako urtegiaren edukiera %12 azpitik zegoen duela bi aste. Hortaz, 2012tik aktibatu ez zuten Lehortearen Mahaia aktibatu zuen Nafarroako Gobernuak joan den irailean. Bertan, INTIAk adierazi zuen lehorteak laboreen ekoizpena murriztea eragin duela: bazka artoaren ekoizpena, erraterako, %44 apalagoa izan da aurten. Araban ere nabaritu dituzte idortearen ondorioak, batez ere zereal, ekilore, patata eta erremolatxa ekoizpenetan.

Urtaro edo sasoi bakoitzean ohikoa den eguraldia ez egiteak, baina, eraginak ditu gizartearen egunerokoan. Laborariek urtaroen arabera egiten dute lan, eta tenperatura beroek eta lehorteek nabarmen eragiten dute uztan. Gainera, tenperatura altuek gehiago irauten badute, hala eginen dute eltxoek, eta horiek ere laborarien uztan eraginen dute.

Udazken ezohiko horren ostean nolako negua etorriko ote den zalantza aunitzen ahotan dabil egunotan. Salazarrek, ordea, argi du oraindik goiz dela edozein aurreikuspen egiteko: «Kontuan hartu behar da egoera batek ez duela zerikusirik bestearekin. Udazkena oso lehorra izan delako, horrek ez du esan nahi neguan euri asko etorriko denik».

Haizeagatik alerta laranja

Beroak eta euri eskasiak bat egiten duten momentuan, kalteek nabarmen egiten dute gora. Suteak, erraterako, konbinazio horrengatik gertatzen dira. Uda hasieran, Nafarroa hegoaldeko herritar eta laborariak izan ziren kaltetuenak, eta joan den asteburuan, berriz, Balmasedakoak (Bizkaia). Datozen egunetan sute arrisku handia dagoenez, Salazarrek eskatu du «kontu handiz» ibiltzeko. Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du gauerditik igandera bitarte, haize bolada handiengatik.

«Datozen egunetan edozein arrazoirengatik sua piztuko balitz, egoerarengatik sua azkar hedatuko litzateke, haizeak lagunduta», adierazi du Salazarrek. Hortaz, alerta egoera ezartzearekin batera, Jaurlaritzak zenbait jarduera debekatu ditu, barbakoak egitea eta material piroteknikoa erabiltzea, adibidez. Murrizketa horiek Bizkai eta Gipuzkoako kostaldean eta Aiarako eskualdean (Araba) ezarriko dira. Rodrigo Gartzia Segurtasun sailburuordeak adierazi du isunak 1.500 eta 30.000 euro artekoak izan daitezkeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.