Enpresak

Iberdrolak 3.014 milioi irabazi ditu aurten, iaz baino %29 gehiago

890 milioi euro ordaindu dizkie akziodunei dibidendutan, iaz epe berean baino %59 gehiago.

Bi langile Iberdrolak Bilbon duen dorreko kristalak garbitzen. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 26a
13:53
Entzun

Iberdrolak mozkin ikusgarrien berri eman du. Argindar konpainiak 3.104 milioi euroren irabaziak eskuratu ditu aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, iaz epe berean baino %29 gehiago. Eta datu horiek hobeak izan zitezkeen, aurten diru sarreren %61 erabili baitu hornitzeko; iaz, ordea, %55 izan zen kopuru hori. Emaitza onen erakusgarri, akziodunek jasotako dirua. Iaz, bederatzi hilabetean 570 milioi euro banatu zituen akziodunen artean; aurten, berriz, 890 milioi izan dira, %56 gehiago.

Iberdrola urte historikoa izaten ari da, inoizko onena, edo hori diote behintzat Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari aurkeztu dizkion datuek. Iberdrolak 38.408 milioi euroren diru sarrerak izan ditu aurten mundu zabaleko negozio guztietan, eta horietatik 3.014 dira irabaziak. Datu horiek hobeak izan zitezkeen, enpresak 23.600 milioi euro jarri baititu aurten hornikuntzarako, jasotako guztiaren %61. Erabaki hori boluntarioa da; iaz, esaterako, %55 jarri zuen hornikuntzarako, 15.600 milioi. Alegia, aurten %51 gehiago gordetzea erabaki du.

Eta nola banatu da irabazi hori? Hego Euskal Herriko eta Espainiako negozioekin, 1.616 milioi euro irabazi ditu; Erresuma Batukoarekin, 409 milioi euro; AEBetakoekin, 713 milioi euro; Brasilgoarekin, 400 milioi euro, eta Mexikokoarekin, 350. Iaz, Hego Euskal Herriko eta Espainiako negozioekin 1.699 milioi euro irabazi zituen irailera arte.

Iberdrolak datuen osagarri gisa bidalitako oharrean dio Espainian iaz baino %14 gutxiago irabazi duela; ondo xehatu gabeko kontzeptuengatik izan daiteke. Baina zehaztu behar da 206 milioi euro ordaindu behar izan dituela aurkako ebazpen judizial baten eraginez. Alegia, ebazpen hori gabe Espainiako datuak iazkoak baino hobeak liratekeela. Era berean, nabarmendu beharrekoa da iaz Espainiako negozio bolumenaren %66 jarri zuela hornikuntzarako, eta aurten, %75.

Inbertsioei dagokienez, 7.600 milioi euroren inbertsioak egin ditu irailera arte, eta %90 energia berriztagarrietarako eta sareen berrikuntzarako jarri du. Zergei dagokienez, 7.800 milioi euro ordaindu ditu mundu osoan, horien erdiak Hego Euskal Herriko eta Espainiako ogasunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.