«Pribatizazioak langileen lan baldintzen urraketa eta prekaritatea dakartza»

Zahar etxeetako langileek grebak antolatu dituzte Hego Euskal Herrian. Besteak beste, lurraldeko hitzarmenak eta ratio duinak exijitu dituzte.

LABek zahar etxeetako lan baldintzak hobetzeko antoatutako manifestazioa, Bilbo. MARISOL RAMIREZ
Olatz Silva Rodrigo - Iraia Vieira Gil
2022ko urriaren 26a
16:15
Entzun

Zahar etxeetako langileek egunero pairatzen dituzten prekaritatea eta lan eskubide urraketak salatzeko, grebak antolatu dituzte Hego Euskal Herrian. Lurralde bakoitzeko egoera desberdina da. Hori dela eta, bakoitzak aldarrikapen eta behar ezberdinak defendatu ditu. Bizkaian, Nafarroan eta Araban greba egin dute gaur, eta LAB sindikatuak agerraldia egin du Donostian. Adierazi duenez, patronalak eta instituzioak dira Hego Euskal Herriko egoeraren errudun zuzenak, zaintza sistema etengabe pribatizatzen ari direlako. «Zaintza sistema publikoa eta komunitarioa izan arte, ez dira bermatuak egongo egoiliarren eta langileen duintasuna eta bizi eta lan baldintzak», azpimarratu dute.

Parekatzea eta ratio duinak ezartzea exijitu dute Bizkaian

Hirurogei pertsona baino gehiago bildu dira gaur Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean, Esentzialak gara. Erresidentzietako langileak borrokan leloko oihalaren atzean. LABek zazpi greba egun antolatu ditu Bizkaiko nagusien egoitzetan, eta gaur izan da lehenengoa. Aldundiari eta patronalei bi eskaera egin dizkiete: ratio duinak ezartzea eta lan baldintzak parekatzea. Portugaleteko Aspaldiko erresidentzian biharko egin dute deialdia.

«Erresidentzietan dagoen langile falta izugarria da», adierazi du Ane Escondrillas LABeko kideak. Langile bakar batek hamabost pertsona dutxatu behar ditu ordu batean, eta gauez langile bakar bat dago hogei egoiliar baino gehiago zaintzeko. Horrez gain, bajak ez dituzte lehen egunetik betetzen, eta horrek egoiliarrak zaintzeko langile gutxiago egotea esan nahi du. Beste egoera batzuk salatu dituzte bozgorailutik: «Giharretako lesioak ditugu» eta «Zortzi pertsona baino gehiagoren bazkariak kontrolatu behar ditugu aldi berean». Lan baldintza horrekin, egoiliarrek ezin dute zaintza duinik jaso. Hitzarmena blokeatuta dagoela esan du Escondrillasek.

Horrez gain, langileen baldintzak egoitza publikoetako langileen baldintzekin parekatzea nahi dute. «Egoitza publikoetako langileek itunpekoetakoek baino %50 gehiago kobratzen dute», entzun da gaur bozgorailuan. «Lan baldintzak oso desberdinak dira, bai soldata aldetik, bai lizentzien aldetik», azpimarratu du LABeko kideak.

Salatu dute Bizkaiko zehar etxeak pribatizatuak daudela, eta aldundia dela horren erantzule: «Diputazioa ari da zaintza lanaren pribatizazioa bultzatzen; diru publikoa enpresa pribatuei ematen die, haiek erresidentziak kudeatu ditzaten». Hori dela eta, aldundiaren aurrean egin dute elkarretaratzea gaur. «Pribatizazioak langileen lan baldintzen urraketa eta prekaritate hutsean lan egitea esan nahi du», azpimarratu du Escondrillasek.

LABek argi du batasun sindikalak onura ekarriko diela langileei, Escondrillasen hitzetan. Hala ere, zazpi greba egunak LABek bakarrik antolatu ditu: «Oraintxe batasuna ez da posible izan». Zaintza sistema publiko komunitario eta duinaren alde borrokan jarraituko dute.

Beste ziklo bat abiatuko dute Gipuzkoan

Gipuzkoako adinduen egoitzetako langileek urteak daramatzate hitzarmen baten alde grebak egiten, bi helburu argirekin: lan baldintzak duinak lortzea eta sektore feminizatu eta prekarizatu horri gizartean behar duen lekua eta aintzatespena ematea. Azken hilabetean, UGTk, %8ko ordezkaritzarekin, hitzarmena gutxiengoan sinatu zuen. Horrek egoera okertu duela azpimarratu du gaur LABek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako agerraldian. Nafarroan, Araban eta Bizkaian greban daude langileei elkartasuna adierazi diete.

LABek uste du sinatutako akordioa ez dela langileek behar dutena. Hori dela eta, Gipuzkoako zahar etxeetan «borroka ziklo berri bat» abiatuko dutela adierazi du eta azpimarratu du «zaintza komunitario eta publiko batean oinarrituta sistema ezarri arte ez dela egoiliarren eta langileen duintasuna bermatuko, ezta bizi eta lan baldintzak ere». Sindikatuak bilera eskaera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarteko Zerbitzuetako Sailari, «hitzarmena sinatu ez duten patronalen menpe dauden egoitzetan langileen baldintzak eta merezitako soldata igoerak nola kudeatuko diren galdetzeko».

Langileen prekarizazioaren «erantzukizun zuzena» Aldundiak eta patronalek dutela esan du sindikatuak, zerbitzu publikoen pribatizatzen dutelako. Horren aurrean, ziklo berria abiatuko dute aliantzak eraikiz eta mugimendu sozial eta feministarekin euren borroka eta ildoak partekatuz. Kurtso berri honetan sektoreko langileak aktibatu, antolatu eta borrokatzeko markoak eta tresnak eraiki nahi dituzte.

Lurraldeko hitzarmena eskatu dute Nafarroan

Nafarroako adinekoen egoitzetako lehen hitzarmenaren negoziazioa geldirik dago, patronalaren blokeoa dela eta. Horren aurrean, aste honetako astelehen, asteartea eta asteazkenean greba egin dute, sektorean gehiengoa duten LAB, ELA eta UGT sindikatuek deituta. Argi dute Nafarroako langile guztientzako hitzarmen duina posible dela eta elkarrekin lor dezaketela.

Urtebete daramate sektorearentzat baldintza duinak bermatzeko hitzarmen bat eskatzen: hilabetearen amaierara iristeko soldatak handituz, bizi-baldintza materialak hobetuz eta horrela bizitzaren kalitatea hobetuz. Adierazi dutenez, Nafarroako Gobernuak ez du haien alde ezer egin eta sektoreko bi patronalek ezezkoa ematen dute etengabe.

Herrialdeko hitzarmena eta baldintza duinak exijitzeko, manifestazioa egin zuten astelehenean Tuteran, asteartean Tafallan, eta, gaur, berriz, Iruñean. Argi utzi dute hitzarmena lortu arte ez direla geldituko.

Gasteizen, kalean

Gasteizen, etxebizitza komunitario eta zahar etxe pribatuetako lan baldintzak hobetzeko «edozer» onartuko ez dutela ohartarazi dio Adrian Garcia ELAko kideak Arabako Foru Aldundiari. LAB sindikatuarekin batera eta Arabako pentsionisten laguntzarekin, sektorearen prekarizazioa salatzeko manifestazioa egin dute gaur Gasteizen «erresidentziak borrokan» lelopean. 60 lagun inguru bildu dira guztira eta lan baldintza «duinak» eskuratzeaz gain, baldintza horiek adosteko «negoziazio mahaia behingoz desblokeatzea» eskatu diote sindikatuek patronalari.

Otsailean bildu ziren lehenengoz Arabako Foru Aldundiarekin eta patronalekin, lan hitzarmen hori «hobetzeko» asmoz, baina ez zuten akordiorik lortu. Tamara Letamendi LABeko kideak azaldu duenez, mahaitik altxatu ziren «patronalak hobekuntzarako aurrerapausorik ematen ez zuelako». Era berean, Bizkaiko eta Gipuzkoako baldintzekin alde handia dagoela azpimarratu du. «Lurraldeotan 1.400 euro ari dira kobratzen urtean 592 orduko lanaldiak egiteagatik; 1.200 euroko soldatak eskaini zizkiguten guri, eta 2026ra arteko iraunaldia». Ez zuten onartu.

Uztailean bildu ziren berriz ere, eta irailean «proposamen berri bat» helaraziko ziela zin egin zien patronalak. «Oraindik gaude horren zain», salatu du Letamendik. Garciak, berriz, sektorea «duintzeko» ordua dela adierazi du, eta «oso lan prekarioa» dela. Hain zuzen, langileek zahar etxeetako 15 erabiltzaile zaindu behar izaten dituzte eta, langile nahikorik ez dagoenez, ordaindu gabeko aparteko orduak sartu behar dituzte askok. Garciaren iritziz, «ez da kasualitatea hain feminizaturik dagoen sektorea horren prekarioa izatea».

Gasteizko protestei dagokienez, gaur ez da greba egun bakarra izango. Atzo kontzentrazioak izan ziren zenbait zahar etxetan eta bihar ere auto karabanak egingo dituzte 11:00etan. Garciak argi utzi nahi izan du langileen baldintzen alde «borrokatzeko prest» daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.