'Irati' filma bihar estreinatuko dute Donostian

Istorioa VIII. mendean kokatuta dago, kristautasuna hedatzen ari zen garaian

Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 27a
16:23
Entzun

Paul Urkijok Irati filma aurkeztu du Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren astean, gaur, Donostian. VIII. mendean eta nafar Pirinioetan kokatutako istorioa da, kristautasuna Europan barrena hedatzen denean, paganismoa desagertuz doan bitartean. Urkijok adierazi du filmaren helburua dela «euskal kultura eta mitologiari ohore egitea». Nabarmendu du gidoia «lotzeko zaila» izan dela, euskal mitologiako pertsonaiak «ezpatak eta sorginkeria» nagusi diren film batean sartu dituelako.

Prentsaurrekoan izan dira Josemi Beltran ekitaldiko zuzendaria, Eneko Sagardoi eta Edurne Azkarate aktoreak eta Manu Paino produktorea. Filma bihar estreinatuko da Donostian, eta datorren azaroaren 4rako bigarren pase bat antolatu dute. Zinemetan datorren urteko otsailaren 24an estreinatuko da. Edurne Azkaratek adierazi du «zailtasunak» izan dituzten arren «esperientzia positiboa» izan dela. Urkijok adierazi duenez, «zaila» izan da finantzen arloa, batez ere, istorioa «euskaraz eta genero minoritarioan» dagoelako. «Ekoizleak konbentzitu behar izan ditut gaztelu hau eraikitzeko», adierazi du Urkijok.

Filmaren atal garrantzitsuenetako bat borroka eszenak dira, zeinak Urkijori aunitz gustatzen zaizkion. «Borroketan estruktura narratiboek egon behar dute», nabarmendu du. Eneko Sagardoik adierazi du irudi horiek filmatzeko hamar kilo loditu behar izan dela, eta zaldian ibiltzen ikasi behar izan duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.