Suteak

Zugaztietako sutea «kontrolpean» dago

Peñas Negras mendian hasi da lehen sutea, 04:00 aldera, Trapagarango Zugaztieta auzo inguruan (Bizkaia). Lau etxetako suhiltzaileak joan dira. Beste sute bat piztu da Berangon, eta hori «kontrolpean hartzeko prozesuan» daude.

2022ko urriaren 28a
07:46
Entzun

Bi sute piztu dira azken orduetan Bizkaian. Lehena Peñas Negras mendiko baso eremuan hasi da, 03:40 aldera. Trapagarango Zugaztieta auzora, Ortuellara eta Galdamesera iritsi da sua. Bertan dira goizetik Bizkaiko lau suhiltzaile etxetako suhiltzaileak (Uriostekoa, Iurretakoa, Deriokoa eta Basaurikoa) eta Basalango bi talde. Ura daramaten zazpi kamioi bidali dituzte Meatzaldera, baita hiru 4x4 auto ere. Sutea «kontrolpean» dagoela jakinarazi dute eguerdi aldera. Gainera, Larrondon piztutako beste bat erabat itzali dute.

Berango eta Unbe artean beste sute bat piztu da, 06:50 aldera. 300 metroko zabalera hartu du suak, eta Muinarrekolanda eta Martiartu arteko eremuari eragiten dio. Sustatxa auzoko hainbat lagun ebakuatu dituzte, prebentzio neurri gisa. Lau kamioitan joan dira suhiltzaileak, Bizkaiko Suhiltzaileen arabera, eta beste bost bidean dira. Espainiako armada ere ari da suteak amatatzeko lanetan. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu du Berangoko sutea dela gaur piztutako hiruretan «arazo gehien» sortzen ari dena: hori «kontrolpean hartzeko prozesuan» daude.

Jaurlaritzak 1. fasera pasatu du Larrialdietako Pan Berezia. Plan hori aktibo dago joan den astetik. Isurialde atlantikoan alerta laranja eman dute baso suteak izateko arriskuagatik, eta alerta hori gutxienez bihar egun osoz egongo da aktibo. Igandean alerta maila abisu horira igarotzea espero da.

Azken asteetako beroek handitu egin dute suteak pizteko arriskua. Joan den astean, Balmasedan piztu zen beste bat; 500 hektarea erre zituen, eta Bizkaian azken 33 urteetan izandako suterik handiena izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.