IPAR KOREA

Bi misil balistiko jaurti ditu Ipar Koreak

Hego Korea eta AEBak gaur dira amaitzekoak azken bi asteetan eskualde hartan egin dituzten maniobra militarrak. IAEAk ohartarazi du gero eta zantzu gehiago daudela Piongiang proba nuklear bat egitekoa dela.

Herritar batzuk, Seulen, gaur, jaurtitako misilaren irudiak ikusten. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 28a
11:23
Entzun

Egoera gero eta ezegonkorragoa da Koreako penintsulan. Hego Koreako armadak jakinarazi duenez, Ipar Koreak irismen laburreko bi misil balistiko jaurti ditu, goizaldean, Japoniako itsasora. Inoiz baino misil gehiago jaurti ditu aurten. Piongiangek ez du baieztatu, ez du halakorik egiten, baina interpretatu daiteke azken asteetan Hego Koreak eta AEBek elkarrekin egindako maniobra militarrei erantzuten diola gertatu denak. Izan ere, misila jaurti baino lehen, Ipar Koreako Echo egunkariak salatu zuen maniobra horiek «zuhurtziarik gabeko konfrontazio ekintza bat» direla, eta horiek «ezegonkortasun militarra eta arriskua» areagotzen dutela Koreako penintsulan. NBEren Segurtasun Kontseiluak onartutako zenbait ebazpenen arabera, debekatuta dago gisa horretako misilak jaurtitzea.

Astelehenean, AEBek esan zuten «litekeena» dela Ipar Koreak, 2017az geroztik aurrenekoz, proba bat egitea misil nuklearrekin. Eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren zuzendari nagusi Rafael Grossik nabarmendu du «gero eta zantzu gehiago» daudela horren berri ematen dutenak. «Beste proba nuklear bat izango litzateke, berriro, azkar eta era kezkagarrian garatzen ari den programa nuklear baten baieztapena», adierazi die Grossik kazetariei, bart, New Yorken. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia ekainetik ari da ohartarazten Punggye Rin detektatu duen jardunari buruz. 2006tik 2017ra Piongiangek sei proba nuklear egin zituen han.

Eta misilak jaurti ditu gaur, noiz-eta Seul eta Washington joan den urriaren 17an hasitako maniobrak bukatzekoak direnean. Dena den, bi aliatuek beste maniobra batzuk egingo dituzte hilaren 31tik azaroaren 4ra, eta bosgarren belaunaldiko ehiza bonbardariak erabiltzekoak dira. AEBak, Hego Korea eta Japonia bat eginda jokatzen ari dira eskualdean, eta herenegun adierazi zuten aliantza hori indartzeko asmoa dutela.

Ikusi gehiago: Lau misil balistiko jaurtiz erantzun diote AEBek eta Hego Koreak Ipar Koreari

Joan den urriaren 5ean, irismen luzeko misil balistiko bat jaurti zuen Ipar Koreak. Japoniaren gainetik igaro zen, eta, horri erantzuteko, Hego Koreak eta AEBek osatutako aliantza militarrak irismen ertaineko lau misil balistiko jaurti zituenJaponiako itsasorantz. 2017az geroztik aurrenekoz, Ipar Koreak jaurtitako misil bat Japoniaren gainetik pasatu zen.

Tomahawk misilak

AEBek garatutako Tomahawk misilak erosteko asmoa dauka Japoniak, hango hedabideek kaleratu dutenez. Jakinarazi dute Tokio AEBetako Gobernuarekin hitz egiten ari dela horri buruz. Japoniako Konstituzioaren 9. artikuluak gerra ekintzak gauzatzea debekatzen dio estatuari —1947koa da, Bigarren Mundu Gerra bukatu ondorengoa—. Hau da, konstituzioak ez duela ofizialki armada aitortzen. Nolanahi ere, gobernuak testua erreformatzeko asmoa du.

Yomiuri Shimbun egunkariak kaleratu duenez, bi aldeen arteko elkarrizketak azken fasean sartu dira. Gobernuko iturriak aipatuta kaleratutakoaren arabera, misil horiek itsasotik jaurtitzen dira, irismen laburrekoak dira, eta Koreako penintsulara iristeko gaitasuna dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500