Eusko Legebiltzarra

Garamendik salatu du Madrilek «zorrotzegi» jokatzen duela Eusko Legebiltzarrarekin

Parlamentuak onartutako hogei legeren aurka egitea leporatu dio. Urkulluk adierazi du aurrekontuei buruz negoziatzeko prest dagoela.

Olatz Garamendi, legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 28a
11:51
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publikoko eta Autogobernu sailburu Olatz Garamendik Espainiako Gobernuaren «gehiegizko kontrola» salatu du. Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, EAJko legebiltzarkide Jon Andoni Atutxak galdetu dio Moncloak legebiltzarraren «araugintzaren inguruan duen eztabaidatze mailaz», eta sailburuak erantzun du «inolako beharrik gabe» jartzen duela kolokan legebiltzarraren lana. Jaurlaritzako kideek eta legebiltzarkideek hizpide izan dituzte beste zenbait gai ere, tartean aurrekontuen inguruko negoziazioa, Hezkuntza Legearen aurreproiektua eta Maddalen Arzallus abeslari eta aurkezleak Ion Kepa Parot euskal presoari buruz abestutako kanta.

Garamendik zenbait datu eman ditu argudio gisa. Moncloari egotzi dio legebiltzarrak azken hiru legealdietan onartutako 83 lege dekretuetatik hogei aldebiko negoziaziora bideratu dituztela, haien konstituzionaltasuna «zalantzan» jarrita. Gainera, sei kasutan Madrilek auzitegietara ere eraman du gaia; besteak beste, pandemiari aurre egiteko legearen kasuan.

Sailburuak Espainiako Gobernuari leporatu dio jarrera «zorrotzegia» erakutsi duela Eusko Legebiltzarrean onartutako legeekin, eta horrek «legitimitaterik gabeko tutoretza bat» eragin duela: «Gehiegizko zaintza baten pean du produkzio legegile autonomikoa, gehienetan, argibide ez-nahitaezkoak eskatuz». Hala, uste du Moncloaren helburua dela estatuaren eskumenak finkatzea eta gobernuen arteko kolaborazio harremanak «goratzea eta puztea».

Aurrekontu «orekatuak»

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek aurrekontuen negoziazioa jarri du erdigunean. Adierazi du koalizioko kideek «zehatz-mehatz» aztertuko dutela Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektua, baina uste du egun indarrean dauden «aurrekontu kontserbadoreak» egiteko erabilitako «eskuaira eta kartaboi berdinak» erabili direla. Salatu du Jaurlaritzak zerbitzu publikoak mantendu izana ez dela «ausarta», eta, besteak beste, Osakidetza indartzeko neurriak eskatu ditu. «Inbertitzeko garaia da».

Iriarteren esanetan, «modu kooperatiboan eta kolaboratiboan» gobernatzeko eskatzen du egungo egoera sozioekonomikoak, eta egoera egokia da horretarako. Hala, fiskalitateaz eta soldaten igoeraz hitz egiteko aukeraz aritzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri.
Lehendakariak erantzun du aurkeztutako lege proiektua dela euskal herritarrek behar dutena, «orekatua eta arduratsua». Halere, prest agertu da aurrekontuak hobetzeko proposamenak entzuteko. Iaz EH Bildurekin adostutako akordioa ekarri du gogora lehendakariak, eta azaldu adostutako konpromisoak betetzen ari direla. Aurten ere bide beretik jotzeko asmoa adierazi du: «Gure asmoa argia da».

«Ez du ezer bermatzen»

Hezkuntza Legearen nondik norakoez, Elkarrekin Podemos-IUko eledun Miren Gorrotxategik adierazi du duela zazpi hilabete adostutako akordioa «lan zintzo baten» ondorio izan zela, eta gogorarazi du hartan euskal eskola publikoa indartzearen aldeko urratsak adostu zirela. Gorrotxategiren ustez, ordea, orain arte ez da eskola publikoa erdigunean jartzeko apustua ikusi Jaurlaritzaren lege aurreproiektuan: «Ez du ezer bermatzen. Hain modu orokorrean idatzi da, ezen modu batean edo kontrakoan interpretatu baitaiteke». Hala, salatu du lege aurreproiektuaren aurka egin zutela eskola publikoko aktore guztiek.

Urkulluk azaldu du «leialtasun osoz» aritu direla eskola publikoa indartzen jarraitzeko, eta lau urrats nabarmendu ditu; Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoko gehiengo sindikalarekin sinatutako akordioa eta hitzartutako 43 jarduerak abian jartzeko egutegia dira horietako bi. Horrez gain, Hezkuntza Sailak 3.178 irakasle plaza betetzeko egindako deialdia nabarmendu du, eta gehitu urtea amaitu aurretik beste 4.000 plaza inguru betetzeko deialdia egingo dela: «Guztira, 7.000 plaza betetzeko lan eskaintza publikoa abian jarriko da». Azkenik, esan du lege proiektuari aurkeztutako 35 proposamenak aztertzen ari direla.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gehitu du lanean ari direla proposamenak aztertzeko, eta eskerrak eman dizkie prozesu «korapilatsu eta ilusionagarri» batean parte hartu duten eragile guztiei. Azaldu du lau zutabe oinarri hartuta ari direla lanean: hezkuntzaren ikuspegi estrategikoa, ekitatea eta gizarte kohesioa, kalitatea eta gobernantza eredu berriak. Sailburuak PP-Ciudadanos talde parlamentarioko Jose Manuel Gili erantzun dio. Hark azaldu du ez duela «ia ezer» espero lege berritik, eta Hezkuntza Sailari eskatu dio jarrera aldatzeko.

Itxaron zerrendak

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak Osakidetzaren egoera izan du mintzagai. Langileak «gaizki» daudela azaldu du, eta gehitu herritarrek ere «gero eta zailago» dutela osasun zerbitzu publikorako sarbidea: «Ikusi dugu itxarote zerrendetan 23.831 herritar daudela interbentzio baten zain; 30 egunetik beherako itxaronaldian 7.414 herritar daudela; 30 egunetik gorako itxaronaldian, 16.417, eta 180 egunetik gorako itxaronaldian 1.074 herritar daudela». Hala, Jaurlaritzari leporatu dio herritarrak seguru pribatuak kontratatzera bideratu dituztela.

Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren esanetan, ordea, osasun sistema pandemiaren eraginak jasaten ari da oraindik ere: «Pandemia ez da amaitu, eta osasun antolamenduan izan dituen ondorioetako batzuk iraun egiten dute». Horietako bat litzateke azken asteetan COVID-19aren eraginez gaixo agiria hartu duten profesionalen kopurua. Sailburuaren arabera, 4.000 profesionalek hartu dute gaixo agiria azken astean, eta horien erdiek koronabirusaren eraginez hartu dute. Halere, berretsi du itxaron zerrendek behera egin dutela «jarduerari berriro ekiteko aukera izan zenetik», nahiz eta normaltasuna oraindik ez den iritsi.

Aldekoarekin bat

Voxeko legebiltzarkide Amaia Martinezek Maddalen Arzallus bertsolari eta aurkezleak Ion Kepa Parot euskal presoaren inguruan egindako abestiaz galdetu dio Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Hark azaldu du hedabide publikoen autonomia errespetatzen dutela, eta EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak hartutako erabakia «egokia» izan zela: «Bat egiten dugu erabakiarekin». EITBko Administrazio Kontseiluan, baina, ez zen halako adostasunik izan, eta EITB taldeko enpresa batzordeek «zentsura» salatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.