BBVAk 4.800 milioi euro irabazi ditu urtarriletik irailera, 2021ean baino %46 gehiago

Interes tasen igoerak onura handia ekarri die banketxeei, eta BBVAk iaz baino 1.531 milioi euro gehiago irabazi ditu aurten urtarriletik irailera. Hego Amerikan bikoiztu egin ditu irabaziak, eta Espainian emaitzak %27 hobetu ditu.

BBVAren eraikina, Bilbon. JUANAN RUIZ / FOKU
inaut matauko rada
2022ko urriaren 28a
13:34
Entzun

BBVA taldeak 4.842 milioi euroren onurak izan ditu aurtengo urtarriletik irailera, batez ere interes tasen igoerak bultzatuta. %46,2ko igoera da 2021eko lehen bederatzi hilabeteetako irabaziekin alderatuta; hau da, 2021eko epe berean baino 1.531 milioi euro gehiago irabazi ditu 2022an. Azken hiruhilekoan, uztailetik irailera, 1.844 milioi euro irabazi ditu banketxeak, 2021ean baino %31,4 gehiago.

Interes tasen igoerak eragin handia izan du irabazi handietan. Izan ere, interes marjinengatik 13.811 milioi euro irabazi ditu BBVAk, 2021ean baino %29 gehiago. Bankuaren arabera, "jardueraren dinamismoak" eta kredituaren igoerak (+%15) bultzatu du irabaziak handitzea, baina interes tasak igotzeak berebiziko garrantzia izan du; Euriborra, esaterako, %2,5en gainetik da orain.

Bestelako irabazietan, komisio garbiengatik 4.030 milioi euroren irabaziak izan dituzte (+%17,4). Interes marjinak eta komisio garbiak batuta, 17.842 milioi euro eskuratu ditu bankuak (+%28,8).

Hego Amerikan izan ditu emaitzarik onenak BBVAk. Argentina, Brasil, Bolivia, Uruguai, Kolonbia, Txile, Peru eta Venezuela kontuan hartuta, 614 milioi euro irabazi ditu banketxeak, ia bikoitza iazko datuekin alderatuta (+%98,3). Mexiko da oraindik ere BBVAren merkatu handiena, 2.964 milioi euro irabazi baititu Erdialdeko Amerikako herrialdean, joan den urtean baino %47,5 gehiago. Espainian %27,1 handitu ditu irabaziak, 1.514 milioi euro.

Irabazien erdiak baino gehiago (%53) Mexikon lortu dituzte, eta %27 Espainian. Turkian %6, Hego Amerikan %11, eta gainerako herrialdeetan %3: Txinan, Taiwanen, Japonian, Singapurren eta Europako Batasuneko beste herrialde batzuetan, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.