Hegazti gripea

Kanpoko hazkuntza kolokan

Hegazti gripearen prebentzio gisa, kabalak barnean hazteko eskatzen du estatuak kasu anitzetan, eta, kasu positibo bat agertzen delarik, hiru kilometroko perimetroan diren saldoak hiltzeko. Kanpoko hazkuntza defendatzeko, laborarien sindikatuez gain, kontsumitzaileak ere antolatu dira.

Kriaxera ahateak. ANTTON ADO / IPARLA
Joanes Etxebarria.
2022ko urriaren 28a
14:46
Entzun

Hegazti gripeak ez du etenik, eritasuna beti airean baita. Aurten, prebentziorako neurri gisa, Frantziako Estatuan 19,3 milioi hegazti hil dituzte sei hilabetean, eta saldo andana bat aterpean atxikitzera ere behartu. Kalitatezko haragia jan nahi dutelakoan, hainbat kontsumitzaile Sauve Qui Poule – Kanpoko Hazkuntza elkartean bildu dira Ipar Euskal Herrian, beste hamabi departamendutan bezala, hazleak defendatzeko eta hazkuntza industriala borrokatzeko.

Bidaxunen Kriaxera arrazako ahateak hazten dituen Marc Latailladek ez du esperantza izpirik gripearen bilakaeraz aurtengo sasoiarentzat: «Susmoa dugu gripea itzuliko dela, baina ez dakigu zer intentsitate izanen duen edo noiz jinen deÇ, aurreikusi du. 2017an eta iaz, bi aldiz ukan zuten eritasuna etxaldean, nahiz eta ELB sindikatuak usu jakinarazi duen bezala, ahateak positibo baina asintomatikoak izan, Kriaxera arraza azkarra delakoan.

Gabadin, 2017an herri harresi bat altxatu zuten Bernadette Prebenderen etxalde aitzinean, gripearen kontrako neurriek hazkuntzako oiloak hiltzera kondenatu zituztelarik. Berriz ere hurbildu zaie birusa: iazko udazkenetik oilo guztiak barnean atxikitzera behartu nahi zituen administrazioak, geroztik etxaldean plantatu den Pettan Prebendek dioenez: «ELBren sostenguarekin erabaki genuen kanpoan uztea, guretzat zentzugabekoa baita kabalen barnean atxikitzea. Otsail hondarrean kasu positibo bat izan zen etxetik hiru kilometrora; beraz, kabalak hiltzeko perimetroan ginen. Administrazioak, salbuespen neurri gisa, barnean atxikitzera behartu gintuen, kabalak hiltzeko partez. Mehatxu horren pean, barnean atxiki genituen, eta handik aste batera hiru taldeetarik bat eritu eta oiloak hiltzen hasi ziren; eritasuna deklaratu zuten». Eritasuna hor gaindi zela eta, «kanpoan bizi zireno ihardukitzen» zutela uste du Prebendek; aldiz, barnera sartuta, «estresak, bata bestearekiko hurbiltasunak eta airearen kutsadurak eritasuna deklaratzea ekarri» zuela uste du, ziur izan gabe. Martxoan hil zizkieten oilo guztiak, baita zituzten usoak ere.

2017ko hegazti gripearen kudeaketari oldartu eta geroztik kanpoko hazkuntza defendatzen du ELB sindikatuak, eta aste honetan plazaratu agiri batean berriz dio «estatuak kanpoko hazkuntza desagertzeko nahikeria» duela, bere ustez. Berdin pentsatzen du Sauve Qui Poule – Kanpoko Hazkuntza kontsumitzaile elkarteko presidente Patrick Defaisek ere: «Ez dugu gehiago onartzen kanpoko hazkuntzak paira ditzan, hegazti gripearen aitzakiarekin, hazkuntza industrialaren ondorioak».

Ekoizpen sistemak

Frantziako administrazioaren kudeaketan, krisiak bereziki ondorioak ditu kanpoko hazkuntzarentzat, Latailladen ustez; aurtengo gripea nolakoa izanen den jakin gabe ere, badaki beretzat arriskua non den: «Beldur handiena ematen diguna da etxe aitzineko bidea: arrisku garaian ere kabala garraio anitz egiten baita, eta iduriz ez dute oraino ulertu arriskua hortik jiten dela. Sistema industriala ez da oraino ere dudan ezarria». Krisiaz krisia, kanpoko hazkuntzan baliatzen diren hegaztiek «eritasunaren aurkako erresistentzia azkarragoa» dutela agerikoa izan da, baina ez dute horren frogarik: ikerketa zientifiko bat galdegin zioten administrazioari, Tolosako (Okzitania) marexal batek bere gain hartu zuena odol analisietan oinarriturik. «Baina berriki jakin dugu ez dela sekula egina izan», damutu da Lataillade.

Kontsumitzaileen elkarteak kanpoko hazkuntza defendatzen du «kalitatezko elikadura» baten alde, Defaisen hitzetan: «Hegazti industrialak kalitate eskasekoak dira, doi-doietarik jangarriak, batzuetan toxikoak ere bai, haragian pestizidak edo fungizidak atzematen direlako». Kanpoko Hazkuntza elkartearen hautua argia da, «gaur egun egiten den hegaztien hazkuntza industrialaren desagerpenaren aldekoa» baita, Defaisek argitu duenez.

Alta, hazkuntza industrialak haizea alde du, eta, politika publikoen ondorioz, kontsumitzailea tronpatu daiteke, elkarte buruaren arabera: ¨Negu honetan, gezurrak bota zaizkie kontsumitzaileei. Ezohiko neurri bat hartu da, eta bastimenduetan konfinatu diren hegaztien arrautzak edo oilaskoak saldu ahal izan dituzte ‘kanpoko hazkuntza’ etiketarekin».

Desobedientzia zigortua

Kanpoko hazkuntza buru-belarri defendatzen dutenentzat, berriz, zigor ekonomikoak heldu dira. Gabadin, joan den udazkenean kabalak barnean atxikitzea ez onartzeagatik, joan den martxoan hil zizkieten kabalen kalte ordainen erdia ukan dute; «beste erdia ez dugu ukanen, kanpoan atxiki baikenituen», zehaztu du Prebendek. Diru laguntzen parte bat da hori; bestea, galera ekonomikoei dagokiena. Kasu horretan, hazleak ez du argi zein prezio taularen araberakoa izanen den heldu den urtean ukanen duten laguntza.

Kabalak martxoan hil zituzten Gabadin, eta zigor ekonomiko zuzenaz gainera, ondorio ekonomikoak urrunago doaz, Prebendek esplikatu duenez: «Oilo berriak atzemateko zailtasunak ukan ditugu; ekainean sartu genituen, eta uztaila erditsutan erruten hasi ziren. Martxotik uztaila erditsu arte soldatarik gabe, beraz. Usoak ere baditugu, eta oraino nekezago izan da uso berrien atzematea; irailean sartu dira azkenak. Urrian sartu gara ekoizpen osoan», kontatu du. Hori guztia, laguntzen parte bat eskuratu gabe eta ukanen dutena zer heinekoa izanen den jakin gabe. Prebenderen ustez, «xantza» bat da etxaldeko familia izatea: «Nik ez dut inbertsio handirik egin, familiako etxaldea baita, baina beste gisaz beharko nuke mailegu bat egin edo aktibitatea utzi».

Kanpoko hazkuntza defendatzen duten elkarte, sindikatu eta hazleek beti erran dute kabala horiek eritasunari positibo izanagatik ere hazkuntza intentsiboko kabalek baino erresistentzia azkarragoa dutela eritasunarekiko; gisa batez errateko, usu «asintomatikoak» izan baitira kanpoan haziak diren hegaztiak. Gabadiko etxaldean ere, barnean atxikitzen hasi eta aste baten buruan garatu zuten eritasuna. Horregatik salatzen du Defaisek «gehiegikeria bat estatuaren partetik, bi hazkuntzak ez desberdindu eta kanpoko hazkuntzako kabala sendoak hil nahi izateko. Milaka urtek frogatu dute lekuko kabalak azkar direla eritasunaren aitzinean».

Bidaxunen, ahate haztegian, bezero berri batzuk irabazi ditu Latailladek, Kriaxera arrazak eritasunari buru egin diezaiokeela ohartu baitira hazle batzuk: «Bada alimaleko arte bat bi ekoizpen moten artean, eta gehiago heldu dira guregana. Arrazarengatik heldu dira batzuk, eta galdegin genuen ikerketa egin izan balitz frogatu genezakeen azkarrago direla, baina ez da posible izan».

Ahalak eskas

Hegazti gripeak azkarki hunkitzen dituen Frantziako Estatuko hamahiru departamenduetan antolatuak izanik ere, kanpoko hazkuntzaren defentsarako kontsumitzaileek osatu elkarteek «ahalak eskas» dituzte, Defaisek erran duenez, mezua hedatzeko. Hazleak zigortuak direla oroitarazi du, eta beste batzuek «aktibitatea uzten» dutela. David eta Goliaten arteko borrokarekin parekatzen du elkarteko presidenteak; «izugarri konplikatua da gure ideiak hedatzea».

Asteartean berean, kanpoko hazkuntzaren aldeko mobilizazio bat antolatu zuen Confederation Paysanne sindikatuak, Parisen, Laborantza Ministerioaren egoitza aitzinean, eta hori ere guti mediatizatu zen. Ipar Euskal Herrian, Kanpoko Hazkuntza elkarteak ikusgarriago egin nahi luke Euskal Elkargoan joan den uztailaren 9an gehiengoak hartu deliberoa, auzapezei galdetuz herri sartzean ager dezatela «kanpoko hazkuntzaren aldeko hautua» egin dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.