Enpresak

Ulma Taldeak bazkideekin aztertuko ditu Mondragonekin dituen «desadostasunak»

Oñatiko taldea korporaziotik irtetea izan daiteke aukeretako bat. Langileekin batzarrak egingo ditu datozen egunetan.

Ulma Packagingen lantegia, Oñatin (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. JON URBE/FOKU
aitor biain
2022ko urriaren 28a
14:49
Entzun

Ulmak ere Mondragon taldean duen parte hartzea aztertuko du. Oñatiko (Gipuzkoa) kooperatiba taldeak korporazioarekin dituen desadostasunak tarteko, etorkizunean Arrasateko kooperatiben sarean izan beharko lukeen harremana zein izango den hausnartuko du bazkideekin datozen asteetan. Izan ere, zuzendaritzak mahai gainean jarri du korporaziotik atera eta bide propioari ekiteko proposamena.

Bazkideekin batzarrak egingo ditu zuzendaritzak datozen egunetan, gaiaren inguruko azalpenak eman eta iritziak jasotzeko. Bilerak azaroaren 2tik 11ra bitarte egingo dituzte; mezu bat igorri die horren berri emateko. Bertan jasotzen denez, «aldaketa garrantzitsuak» jasotzen dituen txosten bat onartu asmo du Mondragonek datorren azaroaren 15ean egingo duen urteroko kongresuan. Ulma taldeko arduradunak ez daude ados txosten horren edukiarekin; are gehiago, bien arteko «desadostasunen beste adibide bat da».

Ulmak ez du edukiaren inguruko zehaztapenik egin, baina nahikoa izan liteke bien arteko lotura hausteko. Izan ere, zuzendaritzak bazkideei igorri dien mezuak korporazioa uzteko aukera hitzez hitz jasotzen ez badu ere, zera dio: Ulma Taldeko zuzendaritza kontseiluko eta negozio guztien Kontseilu Orokorreko ordezkariek «aho batez» adostu dutela bi erakundeentzako «irtenbide iraunkor eta positiboa bilatzen duen proposamen bat». Ulmaren «nortasuna» babesteko eta kooperatiba mugimendua «indartzen jarraitzeko» balioko luke proposamen horrek.

Ulma taldeak bederatzi adar ditu gaur egun, 5.000 langiletik gora, eta 900 milioi baino gehiago fakturatzen dituzte denen artean. Oñatin du egoitza nagusia (Gipuzkoa). 1957an zabaldu zituzten aurreneko lantegiak, eta pixkanaka enpresa berriak sortuz joan ziren, eta beste batzuk batzen, harik eta taldea osatu zuten arte. Talde kooperatibo propioa izatea lehenetsi zuen 1990eko hamarkadaren hasieran, eta Mondragonen ez sartzea erabaki zuen ondorioz. 2002an batu zen korporaziora, bazkideek hala erabakita.

Euskal Herriko enpresa talderik handiena da Mondragon, eta urak nahasten hasita daude aspaldian. Izan ere, Ulmak ez ezik Oronak ere atea zabaldu dio taldetik ateratzeko aukerari. Hernaniko kooperatibak (Gipuzkoa) urrats bat gehiago egina du bide horretan, eta bazkideekin erabakiko du zer egin: abenduan bozkatuko dute Kontseilu Errektoreak eta Zuzendaritza taldeak egindako proposamena. Ulmaren kasuan ez dute jakinarazi bozketa egingo duten edo ez, ez eta noiz egingo litzatekeen ere.

Biak ala biak pisu handia dute Mondragonen, eta korporaziotik aterako balira hutsune nabarmena utziko lukete taldean. Baina aukera mahai gainean jarri izanak erakusten du bi kooperatibak ez daudela gustura taldearen egungo egiturarekin eta antolamenduarekin, aldeek ez dute adierazpenik egin nahi izan, halere.

Aldentzea
Lehendik ere Mondragonetik aldenduta daude zenbait alorretan bi kooperatibak. Eta agerian geratu zen hori Fagor Etxetresnen porrotaren ondoren, batez ere. Berregituraketa prozesua abiatu zuen korporazioak, errentagarritasuna eta ardura partekatua ardatz hartuta. Hala, finantza tresna berriak ere onartu zituzten 2018an, enpresa ekinbide berriak sortzeko, besteak beste. Haustura handi bat hor zabaldu zen, diru kontuetan, Ulma eta Orona ez zirelako bat etorri funts orokorrarekin, eta funts propioak lehenetsi zituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.