Bidesariak

Gipuzkoako bidesarietan deskontuak aplikatuko ditu aldundiak urtarriletik aurrera

Garraio publikoko ibilgailuek izango dute deskonturik handiena, %50. Inflazioaren ondorioak «arindu» eta jasangarritasuna hobetu nahi dute neurri berriarekin.

Irungo bidesaria, artxiboko argazkian. GORKA RUBIO / FOKU
inaut matauko rada
2022ko urriaren 28a
15:59
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundia deskontuak aplikatzen hasiko da bidesarietan urtarrilaren lehenetik aurrera, inflazioaren ondorioak arintzeko eta ingurumen jasangarritasuna hobetzeko. Ibilgailuen funtzioaren eta motaren arabera aplikatuko dituzte prezioen beherakadak, eta erabileraren maiztasunagatik ere deskontu gehigarriak egingo dituzte.

Garraio publikora bideratutako ibilgailuek izango dute jaitsiera handiena, erdira jaitsiko baitizkiete prezioak; autobusei, autokarrei eta bidaiariei egingo diete deskontua. Salgaiak garraiatzeko ibilgailuek etiketaren araberako jaitsierak izango dituzte. 0 eta Eco etiketa dutenei %25 jaitsiko diete prezioa, %20 Euro 6 etiketadunei, eta %15 Euro 5 ibilgailuei. Horrez gain, salgaiak daramatzatenei %10eko deskontu gehigarria aplikatuko zaie 21 eta 50 bidaia artean egiten badituzte, eta %13, berriz, 51 edo gehiago egiten dituztenei. Hala ere, erabileraren araberako jaitsiera horiek 2023ko urriaren 1etik aurrera hasiko dira egiten. Garraio publikoari ere egingo diete erabileraren araberako deskontua, baina ez dute xehetasunik eman.

Jarduera ekonomikora bideratutako autonomoen eta bestelako erabiltzaileen ibilgailuei ere gehienez %13ko beherapena egingo diete, erabiltzen duten maiztasunaren arabera; urriaren 1etik aurrera sartuko da indarrean neurri hori. Azkenik, erabilera pribaturako ibilgailu arinek hilabetean 35,25 euroko muga izaten jarraituko dute, baina muga horrek soilik Gipuzkoako autoentzat izateari utziko dio, eta edozein jatorritako autoei ezarriko zaie, betiere Via T, TAG edo Abiatu sistemak badituzte eta Bidegin izena emanda badaude. Neurri hori Gipuzkoan lan egiten duten kanpoko herritarrentzat onuragarria izango dela uste du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko biztanleentzat bereziki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.