Tigrayko gatazka

Hogei milioi Etiopiako herritarrek «berehalako» laguntza humanitarioa behar dute, OMEren arabera

Tigrayn bizi dira laguntza humanitarioa behar duten hamabost milioi herritar. Erakundeak adierazi du azken asteotan «ezin» izan duela eskualdean esku hartu.

Emaume bat eta haur bat Tigrayn, Etiopian. OLGA SARRADO / EFE
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 28a
16:20
Entzun

Hogei milioi herritar inguruk «berehalako» laguntza humanitarioa behar dute Etiopian. Horixe azaldu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Horietatik hamabost milioi Etiopiako iparraldeko eskualdeetan bizi dira, Tigray inguruan.

Adingabeak dira egoera zaurgarrian dauden asko. Altaf Musani OMEko Larrialdietarako Esku Hartzeen zuzendariaren arabera, malnutrizioa pairatzen du 5 urtetik beherako bost haurretik batek. Tigray alboko Afar eta Ahmara eskualdeetan ere egoera bertsua da: %40ra iristen da 5 urtetik beherako haurren malnutrizioa.

Elikagai faltari gehitu behar zaizkio azken boladan jakinarazi dituzten 273 kolera eta 6.000 elgorri kasu inguru. Halaber, OMEko Etiopiako Operazioen zuzendari Ilham Abdelhai Nourren arabera, %80 egin dute gora malaria kasuek, eta eten egin behar izan dituzte gaixotasunaren aurkako laguntza kanpainak.

«Martxoa eta abuztua bitartean, menia humanitarioan, laguntza bidali ahal izan genuen, kantitate txikian», adierazi du Nourrek. Iragan abuztuan, ordea, Etiopiako Gobernuaren eta TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Frontearen arteko gatazkak berpiztu ziren.

OMEko Etiopiako Operazioen zuzendariaren arabera, azken sei asteetan erakundeak ezin izan du eskualdean esku hartu. Halaber, Mekelen, Tigrayko hiriburuan, COVID-19aren aurkako txertatze programak mugatu behar izan ditu.

NB Nazio Batuen PMA Elikagaien Munduko Programak emandako datuen arabera, %89koa da Tigrayko elikagaien segurtasunik eza.

Bake negoziazioen helburuetako bat

Etiopiako Gobernuak eta TPLFk astelehenean hasi zituzten bake negoziazioak. Hegoafrikan dute elkargunea, AB Afrikako Batasunaren bitartekaritza dela medio. Addis Abebak «gerra amaitzea» du helburu, eta TPLFk, berriz, «berehalako su etena eta laguntza humanitarioa».

Nazioarteko erakundeek bultzatuta elkartu dira bi aldeak, abuztu amaieran bost hilabeteko menia hautsi eta erasoak berriz hasi ostean. GKE gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 280.000-600.000 zibil inguru hil dituzte 2020ko azaroan gatazka piztu zenetik, eta milioika herritarrek eskualdea utzi behar izan dute.

Gatazkaren erdigunean daude Etiopiako talde etniko nagusien arteko tentsioak. TPLF 1991tik egon zen gobernu nazionalean, baina 2018an EPRDF Etiopiako Herriaren Fronte Iraultzaile Demokratikoa koalizio gobernuak agintari berria izendatu zuen, eta lehen ministroak Oparotasunaren Alderdia sortu zuen. Koalizioa osatzen zuten alderdi etniko guztiak batu ziren alderdi horretara, TPLF izan ezik.

Handik bi urtera Etiopiako lehen ministroak TPLFri leporatu zion militar federalen base bati eraso egin izana, eta armada bidali zuen Tigrayra. Ordutik, ez dute ia etenik izan bi aldeen arteko erasoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.