Ipar Irlanda

Hauteskundeak aurreratuko dituzte Ipar Irlandan, DUPen blokeoagatik

Unionistek esan dute gobernua osatzeari uko egingo diotela Ipar Irlandako Protokoloa «ezabatu» arte. Urtea amaitu baino lehen egingo dituzte Asanblearako hauteskundeak, legeak behartuta.

Stormont jauregia, Ipar Irlandako Asanblearen egoitza, Belfasten (Ipar Irlanda). MARK MARLOW / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 28a
19:21
Entzun

Maiatzaren 5ean Asanblearako hauteskundeak egin zituzten Ipar Irlandan, eta urtea bukatu baino lehen errepikatu egingo dituzte, bizi duten blokeo politikoaren ondorioz. Izan ere, Sinn Fein alderdi errepublikanoak irabazi zituen maiatzeko hauteskundeak, eta ordutik, gobernua osatu ezinean dabiltza, DUP Alderdi Demokratiko Unionistak ez duelako baimendu. Chris Heaton-Harris Ipar Irlandarako ministroak gaur adierazi du hauteskundeak deituko dituela Ipar Irlandan. Hamabi asteko epea dute hauteskundeak egiteko, legeak behartuta. Heaton-Harrisek esan du datorren astean emango duela Asanblearako bozen dataren berri.

1998ko Ostiral Santuko Akordiotik, Ipar Irlandako gobernua koalizio batek osatu behar du: bozak irabazi dituen alderdikoa izaten da lehen ministroa, eta eserleku gehien eskuratu dituen bigarren alderdikoa, berriz, lehen ministrordea. Eserleku kopuruaren arabera, alderdi bakoitzekoa izaten da ministro kopuru jakin bat.

Maiatzaren 5eko bozak historikoak izan ziren, Ipar Irlanda sortu zenetik lehen aldiz, uhartearen batasuna nahi duen alderdi batek lortu zituelako eserleku gehien Asanblean. Ordura arte, lehen ministroa beti izan da unionista.

Dena den, sistema parlamentarioetan gobernua osatzeko, parlamentua osatu behar da lehenik. Unionistek ez zuten baimendu Asanbleako presidentearen aukeraketa egitea, eta parlamentua osatu gabe, gobernua osatzeko aukera etenda geratu da. Gaur arteko epea zuten, legez, gobernua osatzeko, eta egin ez dutenez, Asanblearako hauteskundeak aurreratu beharko dituzte.

Ipar Irlandarako protokoloa «ezabatzea» da DUPen baldintza Sinn Feinek zuzenduko lukeen gobernuan sartzeko. Protokolo hori izan zen 2020ko urtarrilean EB Europako Batasunak eta Erresuma Batuko Gobernuak —Boris Johnson zen lehen ministroa— negoziatutako brexit-aren zutarri nagusietako bat.

Protokoloa, eztabaidagai

Ipar Irlandako Protokoloak, finean, bi helburu ditu: batetik, han bakea bermatze aldera, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean muga orain arte bezala mantentzea, irekita; eta, bestetik, EBren merkatu bakarra babestea. Horretarako, 2020an, bi aldeek adostu zuten Ipar Irlandak merkatu bakarrean jarraituko zuela ondasunentzat, eta EBren aduana legeak errespetatuko zituela bere portuetan. Horrek esan nahi du Irlandako itsasoan, Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren artean, kontrolak jartzea.

Jeffrey Donaldson DUPeko liderrak salatu du Ipar Irlandako Protokoloak «kalte» egiten diola  hango ekonomiari eta Ipar Irlandak Erresuma Batuaren barruan duen «estatus konstituzionala» aldatu duela, «gure oniritzirik gabe». Donaldsonek esana du bere alderdia «prest» dagoela hauteskundeak aurreratzeko.

Michelle O’Neill Sinn Feineko presidenteordearen ustez, DUP «borroka konstante batean» bizi da gizartearekin, «ordezkatzen ez duen gehiengo batekin». Salatu du DUPek Ipar Irlanda Erresuma Batuko Gobernuaren esku utzi duela, eta unionistei «lidergo falta» egotzi die.

Unionistek ez dute gustuko Ipar Irlandako Protokoloa, ezta hura adostu zuen gobernu toryaren oinordekoek ere. Johnsonen gobernua izan zen EBrekin protokoloa adostu zuena, baina bere agintaldiaren azken hilabeteetan —aurten— Ipar Irlandako Protokoloa aldatzeko mugimenduak egiten hasi zen. Ondoren lehen ministro izango zen Liz Truss izan zen, Atzerri ministro zela, protokoloa aldatzeko lege proiektua aurkeztu zuena. Proposatutakoaren arabera, Britainia Handitik Ipar Irlandara esportatzean, Erresuma Batuko eta EBko arautegien artean aukeratzeko aukera edukiko lukete enpresek. Erreformak planteatzen du, gainera, EBren Justizia Auzitegiari begirale rola kentzea Ipar Irlandako barne merkatuaren funtzionamenduan. Are, Londresek Britainia Handiaren eta Ipar Irlandaren arteko mugako kontrolak eten zituen, protokoloa bete gabe.

Bruselak, ordea, ez zuen ondo ikusi lege proiektua, eta «aldebakarrez» jardutea egotzi zion Londresi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.