Memoria historikoa

Foro Sozialak azaldu du «aurrerapauso handiak» eman direla presoen, biktimen eta memoriaren inguruan

Foroa osatzen duten erakundeak Agurainen batzartu dira. Uste dute eragileek «partekatutako agendan» txertatu direla hiru lan esparruak.

Foro Sozial Iraunkorraren batzarra, Agurainen, gaur goizean. FORO SOZIAL IRAUNKORRA
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 29a
15:46
Entzun

Biktimak, presoak eta memoria: hiru ardatz horien inguruan lan egin du Foro Sozial Iraunkorrak azken urteetan, eta «positibotzat» jo du eragile politiko, sozial, instituzional eta sindikalek «partekatutako agendaren» parte bihurtu izana esparru horiek. Agurainen (Araba) batzartu dira Foro Soziala osatzen duten hamasei erakundeetako ordezkariak eta beste zenbait lagun. Foroak ETAren desegitetik egindako lanaren inguruan hausnartu dute.

Foro Sozial Iraunkorrak uste du biktimak, presoak eta memoria «bizikidetza demokratikoaren eta gatazkaren konponbidearen alde» lan egiten duten eragileen agendaren parte bilakatu direla. Adierazi du «aurrerapauso handiak» eman direla; «gainera, baldintza zailetan». Hala nola agenda politiko eta sozialaren «polarizazioa», Ukrainako gerra eta COVID-19aren eraginak aipatu dituzte.

«Bakea eraikitzeko prozesuari oraindik askatu gabeko korapiloak geratzen zaizkio». Hala ondorioztatu zuen Foro Sozialak 2018ko ekainean egindako barne eztabaidan, eta hartan finkatu ziren hiru lan ildoak. Biktimen kasuan, «biktimekiko tratuan jarraitzen duen diskriminazioa amaitzea» eta «biktimario kontzeptuaren egungo erabilera murriztailea gainditzea» jarri zituzten helburu gisa: «Biktima guztiak gureak dira, guztionak, gizarte osoarenak».

Euskal presoen egoerari dagokionez, salbuespeneko espetxe politika «desaktibatzeko» eta «politika normalizatua aplikatzeko» lan egin du Foro Sozialak. Memoriaren arloan, berriz, bultza egin du «memoria kritiko inklusiboa» eraikitzeko, «kontakizunaren bataila» gainditzen laguntzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.