Alderdi politikoak

EH Bilduk Iberdrolaren eta Repsolen irabazi «ilegitimoak» salatu ditu

Nerea Kortajarena legebiltzarkideak «norabidez» aldatu beharra nabarmendu du, eta aurreratu du datozen asteetan ezagutaraziko dituztela «estrategia energetikoaren proposamenaren oinarriak». Dei egin du azaroaren 12an Bilboko manifestazioan parte hartzera.

EH Bilduren agerraldia, gaur goizean, Zarauzko malekoian (Gipuzkoa). EH BILDU
2022ko urriaren 29a
17:00
Entzun

«Gutxi batzuk gero eta gehiago aberasten ari dira herritarron kontura», ohartarazi du gaur Nerea Kortajarena legebiltzarkideak, Zarautzen (Gipuzkoa). Koalizio subiranistak agerraldia egin du bertan, eta aste honetan Iberdrola eta Repsol enpresek izandako mozkin «ilegitimoak» salatu ditu.

Izan ere, zeresana eman dute, bereziki Iberdrolak eta Repsolek lortutakoek. Iberdrolak 3.014 milioi irabazi ditu aurtengo lehen bederatzi hiletan, iaz baino %29 gehiago, eta Repsolek 3.222 milioi, iaz baino %66 gehiago. Denera, bankuek eta energia enpresa handiek 10.000 milioi eurotik gora eskuratu dituztela zehaztu du Kortajarenak, «Eusko Jaurlaritzak datorren urterako duen ia aurrekontu osoa». Legebiltzarkideak salatu du «batzuek irudikatu nahi duten ekaitz perfektu horretan» energia enpresa horiek ari direla «irabazten», eta, aldiz, herritarrei ohartarazten ari zaizkiela beren bizitza okertu egingo dela.

Iberdrolaren eta Repsolen irabazien ifrentzuan kokatu du Kortajarenak Azpeitian eratu berri duten Ekindar energia kooperatiba, 526 bazkide erabiltzaile izango dituena. «Urrats txikia, baina gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusten duena, indarrak batuz, aliantzak ehunduz eta interes orokorra lehenetsiz».

Zentzu berean, «norabidez» aldatu behar dela nabarmendu du Kortajarenak, eta aurreratu horretan ari dela EH Bildu. Koalizioak datozen asteetan ezagutaraziko ditu «estrategia energetikoaren proposamenaren oinarriak»,adierazi duenez. «Batzuek gora begiratu gabe jarraitzen duten bitartean, pelikulan bezala, EH Bildu datorkigun eta jada pairatzen hasi garen ingurumen hondamendia saihesteko lanean ari da», erantsi du.

Aldaketak egiteko, baina, «jendearen bultzada» beharrezkotzat jo du, «babestu ez arren ondorioak pairatzen ditugun gerra geratzeko», «gutxi batzuen kontura aberastea saihesteko», «aberastasuna hobeto banatzeko» eta «egunerokotasunean eragiten diguten politikak erabaki ahal izateko». Horretarako «aukera» da, haren arabera, EH Bilduk azaroaren 12an Bilbon egingo duen manifestazio nazionala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.